Gaixotasun arraroak dituzten haurren aldeko gala

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 2a

Gaixotasun arraroak dituzten haurren alde, Gipuzkoa mailako lehen gala ospatuko dute, datorren azaroaren 9an, Leidor aretoan. Gure Nahia Elkartasuna taldeak antolatu du egitasmoa, eta Gipuzkoako musika taldeek nahiz bestelako eragileek parte hartuko dute.

Elkarte berria da Gure Nahia Elkartasuna. Duela hilabete batzuk hasi ziren lehen urratsak ematen, «Gipuzkoan, ohikoak ez diren gaixotasunak dituzten haur eta gaztetxoei babesa emango dien erakunde bat osatzeko helburuz», azaldu dute taldeko kideek. Izan ere, testuinguru eta kasu jakin batzuetatik ateraz gero, erakundeen babes falta somatzen dutela nabarmendu dute, Gure Nahia Elkartasuna taldeko kideek, eta horri erantzun bat emateko bidea zabaltzen ari dira.

Talde sortu berria ezagutarazi eta laguntza biltzeko helburuz antolatu dute, honenbestez, datorren azaroaren 9an Leidor aretoan izango den gala.

20:00etan hasita, Oreka TX, Xabi San Sebastian, Iñigo Muguruzaren Lurra proiektua, Mikel Moreno, Adarrots, Ibon Koteron eta Gontzal Mendibil musikariak ariko dira oholtza gainean. Musikaz gain, ordez, gonbidatu bereziek parte hartuko dute gaixotasun arraroak dituzte haurren alde, eta Irrien Lagunak, Errealeko kideak, Gipuzkoa Basketeko jokalariak, Victoria Eugenia eta Gure Señeak elkarteko ordezkariak ere bertaratu egingo dira.

Sarrerak 10 euroko prezioa izango du, eta bildutako dirarekin elkartearen zabalkundea hobetzeaz gain, Nahia de Cos-en gaixotasuna, Txinako Wu klinikako sistema berritzaile batekin ikertzeko bidea ere erraztea dute helburu.

Gurasoetatik gizartera

Elkartearen oinarri eta abiapuntua, Nahia de Cos haur donostiarra da. Batten-en gaitza du berak, eta bere gurasoak boluntario eta profesional taldea osatzeko lanean ari dira: «Taldearen filosofia, ordea, haratago doa, eta Gipuzkoako herritarren behar aktiboari garrantzia eman nahi diogu». Ez dute beren lana profesional eta espezialistena bakarrik mugatu nahi, beraz.

Honen harira, gizarte osoarekin elkarlanean aritzea oso garrantzitsutzat dute elkarteko kideek, «eta horretarako komunikazio sistemarik eraginkorrenak erabiltzea beharrezkoa da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!