Babarrunekin egindako mokadutxoa banatuko dute, bihar, Zerkausian

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 2a

KM 0 egitasmoak ohikoa duen moduan, puri-purian dauden sasoiko produktuak erabiliko dituzte, bihar, Zerkausian prestatzeko. Babarruna oinarri hartuta egindako mokadutxoa banatuko dute, beraz, bertaratzen diren herritarren artean.

Horrela, bihar, azaroak 3, Berrobiko Iriarte jatetxeko Felix Belaunzaran ariko da Tolosako azokak + KM 0 egitasmoari jarraipena emanez: «Bertako produktua, bertako ekoizleak eta bertako sukaldariak, denek bat eginik, babarrunak produktu nagusitzat hartu, eta mokadu goxoa prestatuko du», azaldu dute antolatzaileek. Babarrun krema izango da dastagai, beraz, azarekin eta Ibarrako piperrekin batera.

Modu honetara, beraz, goizean Zerkausiko postuetan barrena ibiliko da sukaldaria, eta jakia prestatzeko beharrezkoak dituen  produktuak erosi ondoren, Zerkausian bertan ariko da sukalde lanetan.

Azkenik, 12:00ak aldean prestatutako mokadua banatzeari ekingo diote.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!