1974 eta 1975. urteetan Euskal Herritik abiatutako espedizio aitzindariak hipide izango ditu, datorren asteazkenean, Angel Fernandezek. Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak egitarau oparoa prestatu du hilabete honetarako, eta Nouristan ‘75 emanaldiarekin hasiko dira, datorren asteazkenean, 19:30ean.
Diapositibak, dokumentuak, prentsako zatiak eta antzekoak erabiliko ditu Fernandezek, gaztelaniaz eskainiko duen saioan. Besteak beste, Txomin Uriartek Everestera egindako Tximist espedizioa eta Antxon Bandresek Gipuzkoako beste eskiatzaile batzuekin Laponiara burututako zeharkaldia ezagutzen ditu, eta baita Fernandezek berak Bandresekin Anfaginstanera egindako bidaia ere.
Bidaiarien Txokoko arduradunek azaldu dutenez, negu osorako egitaraua prestatzen ari dira, espedizio hauek guztiak aurkezteko.
Mendiaz eta hizkuntzez
Angel Fernandezen hitzaldiaz gain, Bidaiarien Txokoan beste bi hitzordu ere zehaztu dituzte.
Horrela, azaroaren 21ean, Iraitz Ezkergain ibartarrak goi mendi gidari izateko beharrezkoak diren ikastaroak, praktikak eta bizimodu aldaketa izango ditu hizpide. Honi guztiari, berak ekoiztutako bideo eta argazkiek lagunduko diote.
Azkenik, azaroaren 28an, hiztegi baten aurkezpena egingo dute Errotako Bidaiarien Txokoan: Euskara- Suomiera- Euskara. Suomitar elkartea 2000. urtean sortu zuten, eta euskal eta finlandiar kulturen arteko zubi lanak egiten dituzte. Elkarteko kideek euskara-suomiera-euskara hiztegia garatu du urte hauetan guztietan zehar, bazkideen laguntzaz, eta besteak beste, finlandieraren eta euskararen txikitasuna eta zahartasuna azpimarratu dituzte.
Aipatzekoa da, azken hitzaldiak izan zuen arrakasta dela eta, aurrerantzean sarrera mugatu beharko dutela Bidaiarien Txokoan. Beraz, ikusleei garaiz bertaratzea gomendatu nahi diete antolatzaileek.