Familiako gorabeherek hala behartuta heldutasunera azkarregi iritsi behar den hamasei urteko nerabea da, Luis Elizetxeak, herenegun, kultur etxean, aurkeztu zuen Miedo a perderos eleberriaren protagonista. «Bere gurasoen harremana gainbehera doala ikusten du mutikoak, eta ordura arte izandako bizitza perfektu edo ideal hori pikutara doala», azaldu zuen Elizetxeak.
Horrela, beraz, arazo horren hariari tiraz, hamaika eta bat kontu ezagutuko ditu mutikoak, eta baita jende berria ere: «Hitz batean esanda, nahi edo behar baino lehenago hasiko da helduaroan sartzen».
Aurkezpen berezia egin zuen irakasleak, eskerrak ematen hasita: «Ez nuen pentsatuko sei urte beranduago beste liburu bat aurkezten ariko nintzenik». Horrela, eta anzterki munduan duen esperientzia probestuz, Eduardo Mendoza, Carlos Ruiz Zafón, Arturo Pérez Reverte nahiz Javier Maríasen izenak aipatu zituen, bere idazle kuttun gisa. Idazle moduan haiek bezain entzutzetsua ez den arren, esmokina eta betaurrekoak jantzita aurkeztu zuen liburua, idazle handien azalean sartuta.
Miedo a perderos nobelako istorioa, hainbat errealitaterekin aldera daiteke, eta idazleak berak azaldu zuen, «ikasleekin bizi izandako hainbat egoerez osatu» duela liburua: «Gaur egun kalean, gizartean, aurki ditzakegun pertsonaiak dira liburuan agertzen direnak. Sarri iruditzen zait, egungo gaztetxoek ez dutela konfiantzarik ezerekin, eta hori oinarri hartuta zerbait egin nahi izan du eleberrian».
Modu honetara, aurkezpenera bertaratu zirenentzat irakurtzeko liburu atsegina izango dela nabarmendu zuen: «Egokiena gazteek eta helduek gustora irakurtzea litzateke».
Luis Elizetxeak duela sei urte argitaratu zuen bere lehen eleberria, Bajo el nivel del mar. Bere irakasle izaerak gazteekin estu lotutako gaiak jorratzera damara Luis Elizetxea, eta lehen nobela hartan ere gazteak izan zituen pertsonaia nagusi; Herbeereetako auzolandegi bateko bi gazteren arteko maitasun istorioa kontatu zuen, intriga kutsuarekin.
Honez gain, ordea, antzerkiaren generoa ere jorratu izan du Elizetxeak, eta besteak beste, Hiru biren prezioan antzezlanaren egilea da; supermerkatu bateko hiru langile dira pertsonaia nabarmenenak.