Xabier Olarra tolosarrak eskuratu du itzulpengintzako Euskadi Literatura saria, Arantzazu Royorekin batera. Alaa Al Aswaniren Jakobian eraikina lana (Igela) itzultzeagatik jaso dute 18.000 euroko saria. Koran liburuaren ondoren, arabieraz idatzitako libururik irakurriena da Jakobian eraikina. Epaimahaiaren iritziz, «hizkuntza kalitate oso ona» erakusten du euskarazko itzulpen lan horrek. «Hizkera aberats eta joria nabari daiteke testuan. Ederki josi dute itzultzaileek euskaraz pertsonaia ezberdinei buruzko zatitxoz osaturiko puzzlea», gaineratu du epaimahaiak.
Bestalde, itzultzaileek Egiptoko kultura Euskal Herrira gerturatzeko ahalegina egin dutela azaldu du epaimahaiak. «Azpimarratzekoa da jatorrizko testua arabieratik euskarara zuzenean ekartzearen meritua. Itzultzaileek duintasunez gainditu dituzte arabieratik euskarara itzultzeko zailtasunak». Jatorrizkoan agertzen diren pertsona eta toki izenak euskarara egokitzeko egindako ahalegina ere nabarmendu du epaimahaiak.
Xabier Olarrak urte asko daramatza itzulpengintzan eta aurretik jaso zuen itzulpengintzako Euskadi Saria. 2006an izan zen, Raymond Queneauren Estilo ariketak liburuarengatik. Liburua 2005. urtean berak beste bi tolosarrekin 1989an sortutako Igela argitaletxean argitaratu zuen, aurtengo lan saritua argitaratu duen argitaletxe bera.
Sari banaketa, azaroaren 14an
Olarra eta Royorekin batera, Iban Zalduak euskarazko haur eta gaztea literatura saria eskuratu du, Iban Barrenetxeak gaztelaniazko haur eta gazte literatura saria, Sara Morantek literatura lanaren ilustrazioa saria, Inazio Mujikak euskarazko saiakera saria eta Daniel Innerarityk gaztelaniazko saiakera saria eskuratu du. Bi sari falta dira, poesia eta narrazioa, eta gaur jakingo dira. Sariak azaroaren 14an banatuko dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko Paraninfoan.