Merkatari atseginena saritzeko ekitaldia, bikaina

tolosa 2012ko urriaren 29a

Tolosa&Co Tolosako merkatarien elkarteak ostiralean antolatu zuen gala berezia, atsegina eta alaia izan zen. Leidor aretoa bete egin zen, eta bertaratu zirenek primeran igaro zuten. Iker Galartzak bikain gidatu zuen ekimena, eta bere adiskideekin batera sketch dibertigarriak eskaini eta pailazo jantziarekin ikusleak jolasean eta txaloka jartzeaz gain, zuzenean abesten ere ausartu zen Elene Arandiarekin batera. Azken honek ederki erakutsi zuen ahots polita eta indartsua duela, eta baita Tolosako Otsoteak ere. Dantzan Udaberri taldekoak eta Tolosako kultur etxeko lantegikoak aritu ziren, eta hauek ere ikuskizun polita eskaini zuten. Eta honi guztiari doinua jartzeaz Juantxo Zeberio arduratu zen, ikuskizuna borobilduz. Ekitaldian merkatari atseginenari saria eman zioten Kiara bitxitegiko Pedro Tolosari. Merkatarien bezeroengandik jasotako ia 6.000 boto bildu zituzten, eta horien guztien artean, Mari Karmen Zubeldiak irabazi zuen bi lagunentzako afaria. i.t.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!