Laskorainek 1-3 galdu du Ibarraren aurkako derbia

tolosa 2012ko urriaren 22a

Gorka Amatriain

Eskualdeko areto futbolaren zaletuek parerik gabeko festaz gozatu ahal izan zuten joan den larunbatean Usabalgo polikiroldegian, izan ere denbora luzean zehar klub sendo moduan azalduz lanean aritu diren Laskorain eta Ibarra erreferenteek aurrez-aurre neurtu baitzituzten beren indarrak leporaino beteriko harmailetako zalegoaren aurrean.

Neurketaren atarian Laskorainen sustrai eta enborraren parte diren Barriola jokalari ohia eta Alonso eta Javi entrenatzaile ohiak omendu zituen ikastolak esker onez, nolako zuretik jasotzen baita halako ezpala gehienetan eta horitxoen egungo osasun onaren errudun zuzenak ditugu aipatutako izenak. Alonso, gainera, aulkitxoan izan genuen zuzendari lanetan Aitorren baja beteaz azken orduko premiak zirela eta.

Lehen zatia ez zen batere ondo hasi etxekoentzat, berehala egin zuen Ibarrak bere lehen gola eta 8. minuturako elektronikoak 0-2-ko kezkagarri batekin islatzen zuen talde bizilagunaren ordura arteko nagusitasuna. Erdipurdiko lehen zatia apaintzea erabaki zuen Gilek 10 segundoren faltan marraztutako kontraeraso bati bukaera emanaz, eta atsedenaldian 1-2-koarekin erretiratu ziren jokalariak aldageletara, oraindik ere dena erabakitzeke.

Bigarren erdian horitxoen itxura nabarmenki hobetu eta berdinketaren gola miazkatu zen sarritan, hala ere, ate aurrean asmatu ez izanak aurkariaren kontra egin beharreko ahalegin nekezari, kronometroaren zama gehitu zion eta bi minuturen faltan oraindik partiduaren ugazaba jakiteke izaki, atezain jokalariaren taktika ipini zuten martxan tolosarrek. Horrela etorri zen 1-3-ko erabakigarria minutu exkax gelditzen zenean amaierarako.

Oraingoan punturik batu ez arren, lider sendo baten parean emandako itxurarekin gustura izan behar lukete laskoraindarrek bederen eta datorren astean Mallabiaren kontra izango den norgehiagokan pentsatu beharra dago sailkapeneko gorako postuak gehiegi urrundu ez daitezen.

Larunbatean, giro jatorrean eta hamarkadetan zehar eginiko lan mardularen erakusgarri, Tolosaldeko areto futbolaren festa bizi ahal izan zen bi talde bikain hauen eskutik. Elastiko horia defendatu zutenak Javi delegatua, Alonso coach manager-a, Endika, Gil, Lander, Murgi, Telleria, Belloso, Joniko, Ekhi, Eñaut, Mikel Alonso, Etxebe eta Aratz izan ziren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!