Larraulen jaiotakoa eta Villabonan hezitakoa da Bakartxo Tejeria, eta igandeko hauteskundeetan, Eusko Legebiltzarreko lehendakari izateko hautagaia izango da, EAJ alderdiarekin.
Bakartxo Tejeria (Larraul, 1971) EAJren zerrendako bigarren hautagaia da, eta beraz, Legebiltzarreko lehendakari izan daiteke. Villabonako alkate izan zen, eta Donostian bizi da gaur egun.
Badaramatzazu urte batzuk politikagintzan.
Hiru legealditan egon naiz aurrez, legebiltzarkide moduan. Aurreko aldian gu geunden gobernatzen eta une gorenak izan ziren: estatutu berria onartzea, esaterako. Legealdi honetan, berriz, oposizioan egon gara gobernu geldo batekin, eta guk eman dugu aurrera gobernuaren lana.
Nola baloratuko zenuke PSE-EEren agintaldia, beraz?
Egon ez den gobernua izan da. PPrekin hitzarmena egin zuten, eta gobernua hartu zutenean, biak hain alderdi derberdinak izanda, ez ziren gai izan legebiltzarrera gobernu programa bat ekartzeko. Herrenka eta norabiderik gabe ibili dira. Marketing-aren gobernua izan da: hau egin dutela esan eta egin gabe utzi.
Legebiltzarreko lehendakari suertatuz gero, nola egingo diozu aurre erronka horri?
Legebiltzarreko lehendakaria izatea egokitzen bazait, ilusio handiz ekingo diot lanari, legebiltzar osoa izango delako, aspaldiko urteotan ez bezala. Aukera izango dugu, denon artean, gauzak erabakitzeko eta eztabaidatzeko. Lanerako grinaz nago, eta ea legealdi oparoa izaten den.
Zein neurri proposatuko ditu EAJk krisiaren ondorioei aurre egiteko?
Argi daukagu ekonomia aktibatu egin behar dela. Oparotasunean bizi garenean, gastu gehiago egiten dira, eta diru gutxi dagoenean hori asko murriztu behar da. Murrizketak, ordea, ez dira konponbidea. Denok lana baldin badaukagu, denok daukagu kontsumitzeko dirua. Eta poliki-poliki, ekonomiaren gurpil hau geratzen ari da. Une bakoitzean ikusi behar da zein neurri behar diren, baina ekonomia aktibatu behar da. Gehiengoa diren ETEei lagundu behar zaie, finantziazioa behar dute. Finean, lana sortu behar da; horretan asmatu behar da.
Zein iritzi duzu Espainiako Gobernuak ezarritako neurrien aurrean?
Espainiako Gobernua noraezean dabil. Europak esku hartuta dauka gobernua; handik agintzen dietena egiten ari dira. Hartzen ari diren neurriek, ekonomia aktibatuko duten beste neurririk gabe, ez dute balio.
Egoera honetan, AHTa bezalako azpiegiturei lehentasuna emango diezue?
Azpiegitura horiekin ados egon izan gara beti, beharrezko ikusten ditugu. Integratu eta beste lurraldeekin lotzen gaitu, eta horrek ere ekonomia berpiztuko du. Mantsoago joan behar duela? Ba halaxe joan beharko du. Lehentasuna jendea duin bizitzea da.
Erraustegia ere zuen helburuetan dagoen beste azpiegitura bat da.
Behar-beharrezkoa da. Gu ados gaude ahal den guztia birziklatzearekin, baina beti geratuko da hondar bat, eta horrekin ezingo da ezer egin. Urte mordoa daramagu alternatiba guztiei begira. Europan bi gauzak konbinatzen dituzte, eta horri kontra egiten diona, gezurretan ari da. Ahalik eta hondakin gutxien eraman behar dela erraustegira? Zalantzarik gabe. Baina beti egongo da hondar bat, eta eurraustegia behar da.
Tolosaldean, 18.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte osasun zerbitzu publikoaren alde.
Gu publiko-pribatuaren aldekoak gara. Asuncionera joaten den inork zerbait ordaintzen du? Klinika pribatua da, baina zerbitzuz publikoa. Erabiltzaileari benetan axola zaiona zerbitzua da; nork ematen duen gutxienekoa da. Asuncionek, zentro publiko askok eskaintzen ez dituzten zerbitzuak ematen ditu. Egindako inkestetan, emaitzak onak izan dira; zerbitzuaz ez dut inoiz kexarik entzun. Demagogia egiten ari dira kontu honekin.
Nola ikusten duzu Euskal Herriaren independentzia?
Ibarretxeren estatutu berria onartu genuen, eta garbi utzi genuen: herri honek erabaki dezala zer izan nahi duen. Mugarriak jarrita daude. Independentzia beste galdera batekin doa: nola eramango dugu aurrera? Batzuek, 35 urtetan, arma bidez defendatu dute independentzia, eta orain esan dute, «modu hau ez da ona». Aldarrikatzea oso erraza da, baina gero jakin egin behar da zein pauso eman behar diren, eta inork ez du ezer esaten.
Euskararen normalizazio bidean, zein dira zuen proposamenak?
Kosta egiten zait jendeak euskara aberastasun bat bezala ikusten ez duela ulertzea. Baina ez naiz inposizioaren aldekoa; norberak ikusi behar du euskaraz egin edo ez. Gero eta jende gehiagok daki euskaraz. Dakitenek hitz egitea lortu behar da, eta ez dakitenek ikastea. Baina borondatez behar du izan; inposatzen ez da ezer lortzen. Guk baliabideak jarri behar ditugu jendeak euskara ikasteko.
Bide horretan, euskarazko hedabideek zein paper jokatzen dute?
Garrantzia dute. Zenbat eta euskarazko hedabide gehiago izan, hobe. Ohitura gehiago behar da. Baina hedabide gehiegi sortzen badira ere, denontzako lekurik ez izatea ez da kontua.