Aiert Beobide Haatik dantza konpainiako kidea
Aiert Beobide donostiarra duela hiru urte hasi zen eskolak ematen Ibarrako Alurr dantza taldean. Eskarmendu handia du dantzaren munduan: Aurresku txapelketa ugari irabazi ditu, Aukeran konpainian aritu da dantzari eta koreografo moduan, eta egun, Haatik izeneko bere konpainia sortu du. Haatik taldearekin, hain zuzen, bihar ariko da Tolosako Leidor aretoan, 20:30etik aurrera. Errimak oinetan izeneko lan berria aurkeztuko du.
Nolako emanaldia da bihar eskainiko duzuena?
Bertso saio bat du oinarrian dantza saioak, eta bertsolaritza erabiltzen du bide bezala. Bertsolariek erabiltzen duten estetika gurera, dantzara ekarri dugu.
Nondik sortu zen bertsolaritza eta dantza uztartzeko ideia?
Unai Elizasu bertsolariak hainbat lan egin ditu bertsoa disziplina desberdinekin uztartuz. Kasu honetan, bertsoa eta dantza uztartzearekin ideia hau izan zuen, eta aurkeztu egin zigun. Hasieran, txundituta geratu ginen, baina pixkanaka forma ematen hasi ginen ideiari, eta emaitza asko gustatu zaigu.
Nola dago osatuta ikuskizuna?
Bertso saio baten ohiko atalak ikusi ahal dira Errimak oinetan emanaldian. Dantzariok bertsolarien papera egiten dugu, eta gai jartzailea ere badugu. Honek, off ahotsean, gu banan bana aurkezten gaitu lehendabizi, bertso saioetan egiten den moduan. Orduan, guk gure agurra edo sarreratxoa egiten dugu. Ondoren, gai jartzaileak bertsolariak eta gaiak esaten ditu, eta dagokionak bere lana egin behar du.
Gai jartzaileak proposatzen duen gaiaren araberakoa da, beraz, zuen dantza.
Bai. Lan honek eman digu aukera mezua aukeratzen joateko, hau da, zertaz hitz egin nahi dugun aukera dezakegu. Gai jartzaileak proposatzen duen gaiaren arabera, eszena desberdinak ditugu, eta dantza bat edo beste egiten dugu.
Zer moduzko erantzuna izan du lanak?
Emanaldiaren nondik norakoak ezagutu arren, jendea txundituta geratzen da. Saioak bukatzean ez zutela horrelakorik espero esaten digute. Sentsazio onarekin geratzen dira, baina, hori bai, harrituta. Bestalde, emanaldian zehar sentimendu desberdinak adieraztea lortzen dugula nabari dugu. Gai jartzaileak proposaturiko gaia tristea, umoretsua edota gatazkatsua izan daiteke, eta orduan, sentimendu horiek transmititu behar ditu dantzak ere, eta hori lortzen dugula dirudi.
Hirugarren urtea duzu irakasle eta koreografo bezala Ibarrako Alurr dantza taldean. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Oso ona, oso gustura nago. Dantza irakasle eta dantzaren sormenean aukera paregabea eman dit Alurrek. Hiru urtetan bi ikuskizun egin ditugu, eta horiek egiteko babes handia jaso dut taldeko kideengatik. Gauza desberdinak egiteko gogoz daude beti, langileak dira, eta seriotasun handiarekin egiten dute lan, gainera.