Oscar Renedo, PSE-EEren Tolosaldeko idazkari nagusia
Oscar Renedok (Burgos, Espainia, 1962) 36 urte daramatza Tolosan. PSE-EEren Tolosaldeko idazkari nagusia da eta Gipuzkoako zuzendaritzako kidea.
Zure alderdia Eusko Jaurlaritzan egon deneko azken legealdiari buruz zer balantze egiten duzu?
Guztiz positiboa. Datuak ikusi besterik ez da egin behar, hau da, nola dagoen Euskadi eta nola dagoen Estatuaren gainontzekoa. Langabezi tasa txikiena duen erkidegoa gara, enplegua gutxien deuseztatu duena, egoera ekonomiko hoberenean dagoena... Hau guztia ikustean, noski, gobernuak parte hartzea izango zuen horretan. Kataluniak, esaterako, erreskatea eskatu dio gobernu zentralari. Hemen krisiari modu egokian egin zaio aurre. Inbidia ematen duen egoeran gaude.
Aurrera begira zer proposamen egiten dituzue?
Krisiari aurre egitea, enplegua sortzea, langabezi tasa ahal den baxuena uztea, I+G+B politikak bultzatzea eta zerga-politikari dagokionez gehien duenak gehiago eman beharko luke. PPren gobernutik egiten diren murrizketei aurre egitea eta horiek ez aplikatzea ere garrantzitsua da, Estatuaren gainontzean ikusten delako murrizketa horiek egoera gehiago kaltetzen dutela. Ongizate estatua mantentzea oso garrantzitsua da: orain arte lortu dugunean ezin dira atzerapausoak egin, ez da posible zortzi hilabetetan 30 urte atzera egitea. Osasuna, hezkuntza eta oinarrizko gizarte zerbitzuak sakratuak dira.
Sindikatuetatik Patxi Lopezen gobernuari murrizketak egitea leporatu diote.
Zenbait gaietan, Eusko Jaurlaritza aurka egon arren, neurri horiek inposatu daitezke. Hemen aplikatu ahal izan den gutxi hori, hain justu legezko inposaketa bidez izan da. Erkidego honetan osasuneko kopagoari inor baino gehiago ari gara aurre egiten.
Tolosaldean ospitale publiko bat izateko eskaera dago. Zein da zuen iritzia?
Gustatuko litzaiguke publikoa izango balitz, baina egun egoera hori ezin bada gauzatu, guk defendatu dugu eta horrela gertatu da gainera, kalitatea ez jaistea. Ez dugu lehengo klinika berdina, orain espezialitate gehiago ditugu. Eta inork ezin du esan osasuna pribatizatzen ari dela: Osakidetzako txartelarekin joan naiz, eta osasun zentroan eta Asuncion klinikan artatu naute. Nik uste dut neurriz kanpoko kanpaina bat egiten dela; ez dira osasun eskubideak galdu eta ez dut uste galduko direnik.
Langabeziaren arazoaren aurrean zer proposamen egiten duzue?
Enpresak babestea eta teknologia berrietan asko oinarritzea. Berrikuntzan apustua egin duten enpresak dira funtzionatzen dutenak. Bestalde, merkatu berriak bilatu behar dira. Enpresa guztiei, handitik hasita txikieneraino, gobernuak babestu egin behar die.
Kanpainan gai nagusietako bat subiranotasuna da. Zein da PSE-EEren iritzia?
Hasteko, Katalunian sortu den eztabaida, oportunismo politikoa da guztiz. Masek independentziaren bandera atera du, gobernatzeko gai ez dela ikusi duenean. Eztabaida hauek artifizialak iruditzen zaizkit. Guk elkarbizitzaren alde egiten dugu, elkarren aurka egitea baino. Nik uste dut elkarbizitza bultzatu daitekeela, subiranotasunari eta independentziari heldu gabe. Gainera, egun dugun egoerarekin independentzia planteatzea... Ez da konstituzioan ez dela sartzen, Europan ere ez da sartzen.
AHTaren obren inguruan, zer aurreikuspen duzue?
Gu sartu ginenean Euskal Y-aren zati bakarra zegoen martxan, eta egun martxan egon zitezkeen 14 zatiak exekuzio fasean daude. Obrak erritmo onean ari dira aurrera egiten eta 2016rako bukatuta egon direla diote aurreikuspenek. Guretzat berebiziko garrantzia duen obra bat da, Europarekin lotura ekarriko duena, aurrerapena eta garapena ekarriko duena.
Euskararen erabileraren inguruan zer proposatzen duzue?
Patxi Lopezen gobernua iritsi zenean, euskararen amaiera izango zela esaten zen. Ez da horrelakorik gertatu. Euskara bultzatu eta bere alde egin da apustua, arlo guztietan. Arazoa da euskara gatazkarako erabiltzea: euskara gatazka politikoetatik atera behar da, ezin da erabili diskriminazio arma bat bezala. Gu ez gara behin ere euskararen kontra egongo, baina ez dugu inposaketarik nahi.
Euskarazko komunikabideek eskaera egin diote alderdi guztiei, edozein dela ere gobernatzen duena, diru laguntzak bermatzeko.
Diru laguntza bermatuta daude udalen, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Agian modu bat bilatu behar da gutxieneko diru laguntzak bermatzeko, baina agian ez da beti bizi behar diru laguntzen menpe. Aurrera egiteko beste modu batzuk bilatu beharko dira.