Espainiako Gobernuari Argentinatik salaketa jarriko diotela azaldu du Juan Bautista Aranzabe Mate, SOS Haur Lapurtuak taldeko boluntario tolosarrak.
Lapurtutako haurren hainbat kasu artxibatu dituzte azken asteotan Espainian, eta Euskal Herrian ere gauzak bide beretik doazela dio Aranzbek: «Aspaldi honetan, hedabideak-eta gutxi mugitu dira, eta gainera, orain arte azaldu diren kasu guztiak artxibatzen ari dira fiskalak, denbora asko pasa delako, frogarik ez dutelako, eta abar».
Hau guztia «ez da zuzena», Juan Bautista Aranzabe eta gainerako senideen ustez. «Hala ere, orain aurrerapauso bat emango dugu, izan ere, salaketa aurkeztuko diogu Espainiako Estatuari. Argentinako gobernuak salaketa jarriko dio Espainiakoari, haur lapurtuen biktimak frankismoaren biktimak direla eta».
Argentinarrei jarraituz
Aranzabek azaldu duenez, «ate guztietan jo behar da horrelakoetan, eta Argentinan antzeko kasuak gertatu zirenez, badakite horrelako kontuak nola joan behar duten». Horrela beraz, hango abokatu bat edo besterekin hitz egin dute, hemengo kasuak azter ditzan.
1976 eta 1983 urteen artean diktadurapean bizi izan ziren Argentinan, eta milaka herritarren desagertzearekin batera, haur jaioberri asko lapurtu zituzten. Horren harira, haur haien guztien nortasuna berreskuratzeko, Abuelas de la Plaza de Mayo eta Madres de la Plaza de Mayo elkarteak sortu zituzten; desagertu ziren 500 haurretatik, 105 aurkitzea lortu dute.
SOS Haur Lapurtuak elkarteko kideentzat «garrantzitsua» da salaketarena, «nolabaiteko itxaropena pizten duelako», Juan Bautista Aranzaberen arabera. «Ez dakit azkenean zer aterako den hortik, baina aurrera jarrraitu behar dugu, atzera ezin da begiratu».
Kasuak baliogabetzat
Haur lapurtuen kasu asko artxibatu dituzte fiskalek Espainian, azken asteotan. Euskal Herrian ere, gauza bera egiten ari direla dio Aranzabek. Kasuak artxibatzearekin batera, gainera, «beste kasu asko baliogabetzat» jo nahi dituztela nabarmendu du Aranzabek: «Hori ezinezkoa da, gizadiaren kontrako krimenak dira».
Egoera geldotu egin dela uste dute senideek eta boluntarioek: «Nabaritzen da jendea aspertu egiten dela, ez baitute aurrerapausorik ikusten, eta jendeak amore ematen du».
Baliabide ekonomikoak
Aurrera jarraitzeko baliabide ekonomikoak ere oso beharrezkoak direla dio Aranzabek, eta hori arazo bilakatzen dela azken finean: «Gutxienez 3.000 euro behar dira kasu bat aztertu eta aurrera eramateko, eta oso posiblea da inolako ondoriorik ez ateratzea. Epaiketara joatea, errekurtsoak aurkeztea eta halakoak, abokatuak egin behar izaten ditu, eta noski, ez dute lana dohainik egiten; egia da, batzuek merkeago lan egiten dutela guretzako, baina ez muxutruk».
Horrela beraz, familia asko «lotuta» daudela uste du Juan Bautista Aranzabe boluntarioak, «eta hori, arazo larria da».
Baliabide faltari, gainera, etsipena ere gehitu zaio zenbait kasutan, Aranzaberen arabera: «Emakume askok esaten dute paperik nahiz dokumenturik ez dutela, eta egia da; askok ez dakite haurra neska edo mutila ote zen ere, eta zer egin zioten ere ez. Ez dakite ezer. Eta honek guztiak gogoa kentzen du aurrera jarraitzeko».
Hala eta guztiz ere, Aranzabe tolosarrak beren eskubideen alde lanean jarraitu behar dutela uste du: «Nik emakume eta familia guztiei gauza bera esaten diet: ez erotzeko, baina ez uzteko. Egunero kontu berarekin bueltaka erotu egin zaitezke, baina ezin da utzi; susmoa baldin badago, horrek aurrera egin behar du». Besteak beste, beren seme-alabak zein diren edo zein ziren jakiteko eskubidea aldarrikatu zu Aranzabek: «Bestela, gure susmoak eta kezkak hor geratuko dira betirako». Bide horretan, euren aurrerapausoak ematen jarraitzearekin batera, seme-alabek ere lan egin behar dela uste du boluntarioak: «Gure eskuetan baino gehiago, gure seme-alaben eskuetan dago, bizi baldin badira behinik behin. Haiek egin behar dute DNAren proba, eta baita DNA erkatu ere. Baliteke eurek nahi ez izatea ere».
Horrenbestez, beren kasua aztertzeko lanean eta aldarrikapenetan jarraitzeko deia egin du Aranzabek, salaketarekiko itxaropena azalduz.