Ligako lehen bi jardunaldien ostean sailkapenean punturik ez izateak sor lezakeen bertigoak alde batera utzi eta zaleen aurrean lehen garaipena eskuratzeko sinesmen osoarekin agertu ziren larunbat arratsaldean ikastolako jokalariak Usabalera. Etxekoen egoera berean zegoen Gernikako Gora taldea zuten aurkari eta partida oso txukun bat jokatu ostean 4-1 nagusitu zen Laskorain.
Partidako lehen minututik nagusi izan zen ikastolako taldea, Aitorrek zuzendutako mutilen zonakako defentsak baloi ugari lapurtzeko aukera eman zien etxekoei eta presio lerroa aurreratutakoan ere, aurkariak ezin baloia jokatuta atera eta taldekiderik bilatzen ez zuten pase luzeetara jo behar izan zuen.
Defentsan egindako lan onaren ondorio izan ziren lehen zatian lortutako hiru golak, lehenengoa Etxebek sareratu zuen, berak lapurtutako baloi bat jaurtiketa eraginkor batekin borobildu ostean. Beste bi sareratzeak Jonikok gauzatu zituen, kantxa erdian bereganatutako bi baloi zein baino zein jokaldi politagoekin errematatuz.
Atsedenaldian Bikutz tabernak eskainitako saskia zozketako ondorenean ere partidak bere horretan jarraitu zuen. Gernikarren intentsitateak behera egin zuenean aukera garbiak eta ugari izan zituen Laskorainek aldea areagotzeko, atezainaren lan ona eta jokalari horitxoen kontzentrazio faltak ordea markagailua bere horretan mantendu zuen.
Etxekoentzako arrisku bakarra bigarren zatian pilatutako falta ugarien ondotik iritsi zen, inozoki egindako hanka-sartzeen ondorioz 10 metrotako bi jaurtiketa izan baitzituzten aurkariek. Dena den, Endika seguru aritu zen bi jaurtiketetan eta denboraldi hasera honetako zirrara bilakatu den Eñautek laugarren gola egindakoan partida erabakita geratu zen.
Norgehiagokaren azken hondarrean aurkariak egindako golak 4-1 emaitzaren itxi zuen 3 puntuak eskuratzeaz gain, pasa den denboralditik zetorren dinamika txarra eten eta konfiantza berreskuratzeko balio behar duen partida hau.
Gustura irten ziren larunbatean Usabalera gerturatutako zaleak, lehen taldearen garaipenaz gain harrobiko beste bi taldeek ere aurrera atera baitzituzten euren partidak. Ondorioz, sailkapenaren puntan dira harrobiko bi taldeak. Usabalen Javi ordezkaria, Aitor entrenatzailea, Endika, Gil, Murgi, Telleria, Vázquez, Ekhi, Joniko, Etxebe, Lander eta Aratz izan ziren.