Topic zentroak erakusketa berria inauguratu zuen larunbat iluntzean. Mariona Masgrauren lanak bildu dituzte oraingo honetan, eta 'Bidai bat txotxongiloen mundura' izena du . Erakusketa martxoaren 10era arte egongo da zabalik, eta Mariona Masgrauk sortzaile gisa egindako ibilbide osoa biltzen duten 110 pieza izango dira bertan ikusgai. Topic zentroko museo atalaren arduradun Maria San Sebastianek azaldu duenez, “erakusketa berezia da; harizko txotxongiloak izango dira nagusi, eta neurri handiko panpinak jarriko ditugu ikusgai, horietako batzuk zeramikazkoak”. Sortzaile katalanak haurrentzat nahiz helduentzat lan egin zuela eta, San Sebastianek zera nabarmendu du: “Pieza batzuk bitxiak dira, ez direlako estetika ‘politaren’ barruan sailkatzekoak; alegia, gogorrak eta harrigarriak dira, baina, aldi berean, erakargarriak”.