Pasa den irailaren 23ko goizaldean, Iruratik Tolosara bidean gertaturiko bortxaketa saiakeraren aurrean, adierazpen instituzionala egin du Tolosako Udalak, gertaera erabat gaitzetsiz, eta parekidetasunaren bidean nahiz biolentzia matxistaren aurkako politiketan lanean jardungo dutela nabarmenduz. Hona hemen oharra:
Tolosako Udalak, Tolosa eta Irura arteko bidean joan den igande goizaldean bortxaketa saiakera eta biolentziarekin eginiko lapurreta dela eta, gaitzespen eta salaketa irmoena helarazi nahi die herritar guztiei, eta elkartasun keinu beroena adierazi erasoa jasan zuen emakume zein hurbilekoei.
Era berean, azpimarratu nahi du udal honek tinko eutsiko diola indarkeria matxistaren eta emakumeen kontrako sexu-erasoen aurka borrokan jarraitzeko hartutako konpromisoari, eta, aurrerantzean ere, helburu horri begira beharrezkoak diren tresna guztiak bideratuko dituela. Gure apustua argia eta irmoa da: sentsibilizazio, prebentzio eta hezkuntzaren arloan hainbat ekimen eta ekintza bultzatzea, kaltetutako emakumeekin, talde feministekin eta esparru horretan diharduten elkarteekin elkarlanean eta era koordinatuan.
Hori dela eta udalak jakinarazi nahi du, lanean jarraituko duela Genero Biolentziaren Aurkako Protokoloan zein sexu erasoak pairatzen dituzten emakumeen laguntzen, koordinazio esparruak zabaltzen eta dauden baliabideak eta zerbitzuak eskaintzen. Beraz, Udalak erasoa jasan duen emakumeari babesa, zerbitzu eta laguntza guztia eskaini nahi dio. Udalak gertu egon nahi du.
Azkenik, Tolosako udalak, Udalerrian emakume eta gizonen arteko berdintasunerako politiken aldeko jarrera aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko konpromisoa hartzen du, uste dugulako politika horiek funtsezko tresna direla emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko bidean aurrera egiteko.