Juanfe Garces: «Zinemaldian egotea jada sari handia izan da»

tolosa 2012ko irailaren 28a

Atzo estreinatu zen Donostiako Zinemaldian Joxeanjel Arbelaitzen Leku hutsak, hitz beteak dokumentala. Gaur eta bihar ere ikusi ahal izango da Bernardo Atxaga idazleari buruko lana Zinemira sailean, eta irudien arduraduna Juanfe Garces Gabilondo (Tolosa, 1972) da. Gaur egun Digitalak ekoiztetxean lan egiten du errealizatzaile gisa, askotan ETBrako.

Madrilen ikasi zuen eta urte batzuetan zehar Telemadrid katean era askotako programak egin zituen kamera eta errealizadore laguntzaile gisa. Azken lan honetaz «pertsonala, polita eta aberasgarria» zela esan zion HITZAri pasa den abenduan egindako elkarrizketan. Atxagaz «hizkera, etorria, memoria handia, sentsibilitatea», dituela nabarmendu du.

Nola sortu zen dokumental honen ideia?

Joxeanjel Arbelaitzi bururatu zitzaion ideia Bernardo Atxagarekin afaltzen ari zen gau batean. Dokumentalaren gidoia Atxaga berak egin du eta bere nobela eta poemen sorburuaz hitz egiten du. Bere erreferenteak zein izan diren aipatzen du, baita bere bizitzan inpresio handia egin dioten gertakizunak eta lekuak ere, esate baterako, Bilbora iritsi zenean izan zituen lehendabiziko sentsazioak, eta abar.

Zein  izan da zure lana?

Dokumentalaren grabazioaz, errealizazioaz eta ekoitzi ondorengo lanez arduratu naiz.

Nolakoa izan zen grabazio lana?

Hiru lekutan grabatu dugu: Zalduondoko etxean, Asteasun eta inguruetan eta Bilbon. Denborari dagokionez, hamar bat egunetan grabatu genuen eta ekoitzi ondorengo lanak hilabete inguru eraman zidan.

Atxaga ezagutzen zenuen?Zerk harritu zaitu gehien ?

Ez, ez nuen Atxaga pertsonalki ezagutzen. Haren hurbiltasuna, umiltasuna eta umorea izan dira deigarrienak niretzat.

Zer espero duzue Donostiako Zinemalditik?

Zinemaldian egotea jada sari handia izan da guretzat. Pertsonalki Bernardo Atxaga bera ezagutzea izan da aberasgarriena.

Zein da lan honen helburua, telebistaz eman , aretoetan...?

Donostiako Zinemaldian Zinemira sailean botako dute areto desberdinetan, eta ETBk ere laster emitituko du.

Zein proiektu dituzu orain, esku artean?

Une honetan Digitalak ekoiztetxean lanean ari naiz, hainbat proiektutan. Laster, ETBren 30. urtemuga dela eta, denbora tarte horretan gertatutakoa kontatuko duen programa multzoan parte hartuko dut. Errealizazio lanaren ardura izango da nirea.

ZINEMALDIKO EMANALDIAK:

- Gaur, 20:30ean, Principe zinemako 6. aretoan.

- Bihar, 19:30ean, Principe zinemako 10. aretoan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!