Argi-itzalen neurriak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko irailaren 20a

Bata ez litzateke sortuko bestea egongo ez balitz; hori da argi eta itzalen patua. Eta horixe argazkien bidez kontatzea proposatu zuten, Tolosa Gasa eta Tolargik antolatutako 2013ko egutegiaren argazki lehiaketako arduradunek. Argiak eta itzalak izenburupean, beraz, guztira 664 argazki jaso dituzte aurten, datorren urteko egutegia atontzeko; 51 argazkilari parte hartzaile izan dira.

Datozen egunotan, urriaren 6ra bitarte, lehiaketako epaimahaikideek aukeratutako 40 argazkiak ikusgai izango dira, Aranburu jauregiko beheko solairuan. Gauaren iluntasun argiztatua, herri kirolen argia eta itzala, mendiak, Tolosako larunbatak, leihoak argi eta itzal iturri gisa... Argazkilari bakoitzak bere ikuspuntua eskaini dio argi eta itzalen gaiari, eta erakusketako bisitariek hamaika neurritako argi-itzalez gozatu ahal izango dute Aranburu jauregian. Ikusgai dauden 40 argazkietatik, 13 izango dira irabazleak; hilabete bakoitzak argazki bana izango du, eta lehiaketako irabazleak datorren urteko egutegiaren azala beteko du.

Modu honetara, sarituetako seik urte betez gasa doan izango dute; beste seik, berriz, argindarrik ez dute ordaindu beharko urte osoan; azkenik, sari berezi bat ere emango dute antolatzaileek, eta kasu honetan, urte beteko argindarra nahiz gasa dohainik eskainiko dizkiote argazki sarituaren egileari. 2013ko Tolosako egutegiko argazkiak aukeratuko dituen epaimahaikideak honakoak izango dira: Tolargiko ordezkaria, Tolosa Gasako ordezkaria, Miguel Uranga argazkilari aditu gisa, Herme Sagarna antolakuntzak gonbidatuta, eta azkenik, Tolosako Udaleko ordezkaria, kalitatezko botoarekin. Hauez gain, ordea, herritarrek ere egutegiko argazki bat aukeratzeko eskumena izango dute, Aranburu jauregiko erakusketara joan, eta argazkirik gustokoena aukeratuaz. Bozka hauen bidez, publikoaren saria jasoko duen argazkia aukeratuko dute, eta herritarrek, gainera, Lumix argazki kamera digitalaren zozketan sartuko dira. Argazki lehiaketako sarituak nahiz kameraren zozketako irabazlearen izena, datorren urriaren 11n jakinaraziko dituzte antolatzaileek, eta hedabideez gain, http://tolosagasa.blogspot.com blogak ere ezagutaraziko ditu irabazleen izenak eta argazkiak. Aranburu jauregiko erakusketa, asteartetik ostiralera zabalik izango da, 17:00etatik 20:00etara bitarte, urriaren 6ra bitarte.

Zenbakia

664

Aurkeztutako argazkiak. Aurtengo lehiaketan parte hartu duten 51 argazkilariek, guztira, 664 argazki aurkeztu dituzte egutegirako. Antolatzaileek, neurriez eta gaiaz gain, baldintza bakarra jartzen diete parte hartzaileei: «Argazkiek Tolosan bertan egindakoak izan behar dute derrigorrez».

 

2006an hasitako bidean, zazpigarren lehiaketa izango da

Zazpigarren urtez jarraian antolatu dute aurten, egutegiko argazkien lehiaketa, eta urtez urte herritarren artean interes handiagoa pizten ari den egitasmoa da. Lehen bi urteetan gai zehatzik proposatu ez zuten arren, 2008tik aurrera, betiere Tolosa eszenatoki hartuta, gai bati lotutako argazkiak aurkeztu behar izan dira. Horrela beraz, Natura izan zen gaia 2008an, Jaiak 2009an, Euskara eta kultura 2010ean, Erretratuak 2011n, Emakumea eta berdintasuna iaz, eta aipatu bezala, Argiak eta itzalak aurten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!