Ugartek Tolosan Oroimenaren Gaztelua izeneko eskultura du, Gipuzkoako Artxibo Orokorraren aurrean. Eskultorea izateaz gain, margolaria, grabatzailea, argazkilaria eta idazlea da, eta Eskulturaren Euskal Eskolakoa, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea eta Remigio Mendibururekin batera.
Box.A elkartetik azaldu dutenez, gaurko hitzaldi-tailerrean Ugarte bere obrari buruz ariko da, eta beraiek «debatea sortuko» dute, beste ikuspuntu bat jarriz. Vanessa Alzate Box.Ako kideak azaldu duenez, hitzaldi-tailerra dinamikoa izatea da asmoa, eta horretarako Ugartek esaten duena «ezbaian» jartzea. Aurretik elkartekoek eskultorearen obra ikertu dutela gaineratu dute.
Hiru konposizio
Eskulturasteako antolatzaileak jarri ziren harremanetan Box.A elkartekoekin, bi kultur eragileek batera parte hartzeko. «Guri ondo iruditu zitzaigun, azken finean hori ere bilatzen ari garelako», dio Ibai Luque Box.A elkarteko kideak. «Beste belaunaldi batzuekin ere lan egitea bilatzen genuen, eta Eskulturastea antolatzen ari diren artistak oso interesgarriak dira». Hain justu, Alzatek gaineratu duenez, «ez genuen elkargunerik eta Eskulturasteak horretarako aukera eman du, eta baita hemen dugun espazio irekitzeko ere». ≤
Antolatzaileek ez zuten nahi kartelik egin Eskulturastea iragartzeko, beste hainbat kartelen artean galduta geldituko litzatekeelako. Horrela, Box.Akoengan jo zuten, eta hasiera batean graffitiak egiteko eskatu zieten. «Graffitia arte gisa ikusten dutela eta horrekin zerbait egitea proposatu zuten», dio Luquek. «Guk eztabaida izan genuen eta azkenean pentsatu genuen konposizio monokromatiko bat egitea, zakarretatik hartutako elementuekin, eta tipografia arrunt bat erabiltzea».
Ariketa «espontaneoa» izan dela azaldu du Alzatek: «Ikusi genuen zer material genuen, hiru taldetan banatu eta konposizioak egiten hasi ginen». Hiru konposizio egin dituzte; horietako bat Trianguloa plazan dago, bestea Gipuzkoako Artxibo Orokorraren aurrean, eta bestea Dama Berdearen ondoan.
Box.A elkartea, espazio irekia
2009an hasi zuen ibilbidea Tolosan Box.A elkarteak. Egun 15 kide inguru ditu eta nahi duenak bertan parte hartu dezake. «Irabazi asmorik ez duen elkartea da, eta bertan parte hartu dezake gauzak egiteko nahia duen edonork», dio Ibai Luque elkarteko kideak.
San Estebango auzoan, udal langileek erabiltzen duten pabilioiaren alde batean dute espazioa. Bertan dute tailerra. «Espazio ireki bat dago gauzak egiteko», dio Luquek. «Garrantzitsua da ere elkarbanatzeko espazio bat dela, beste batzuekin egoteko eta sortzeko», dio Vanessa Alzate elkarteko beste kide batek. «Konpromisoa ere eskatzen dugu. Ostiralero bilerak egiten ditugu, hilero 10 euroko kuota ordaintzen dugu eta ekintza kolektiboetan ere parte hartzea eskatzen da», gaineratu dute.
Bileretan zer proiektu dauden martxan jartzen da mahai gainean, zer unetan dauden, nola ikusten dituzten, eta espazioa bera ere zer egoeretan dagoen. Horrez gain, bakoitzak dituen proiektu pertsonaletarako laguntza eskatzeko ere balio dute bilerek.
Luquek dioenez, «Tolosan gabezia bat dago kulturaren aldetik. Kultur etxeko tailerrak daude, eta hortik aurrera sormenerako ez dago espaziorik. Niretzako ezagutza kolektiboa lehentasunezkoa da, eta hemen gaudenok egiten duguna elkarbanatu egiten dugu». Bestalde, kalean mugimendua sortzeari garrantzia ematen diote.
Ez dute «arte konbentzionalean» sinisten. «Nolabait esateko, jarrera kontua da», esan du Alzatek. «Ezarrita dagoena ezbaian jartzea».
Kultura zabaldu nahi dutela diote, eta adibide gisa Olatu Talkak egitasmoaren barruan egindako hiri baratzeei buruzko tailerra jarri dute. «Uste dugu elkarbanatzeko proiektu bat dela. Gironan egin zuten eta hango koordinatzaileetako bat ekarri genuen esplikatzeko prozesua», dio Luquek. «Kontua ez da niretzako bakarrik egitea, baizik proiektuak zabaltzea, erakustea nola egin den, eta gero ikusten badugu, esaterako, hiri baratzeen proiektua dela eta herrian edukiontzi batzuk baratze bihurtuta, hori da nahi duguna», gaineratu du Alzatek. Zabaldu nahi duten beste ideia bat da bakoitza gai dela nahi duena egiteko. «Dena ikasten da. Dena egin daiteke. Zer nahi duzu egin? Hau? Bada, hasi, ez dago mugarik», dio Luquek.
Aurrera begira, hil honen bukaeran erakusketa bat jarriko dute Aranburu jauregian. Bestalde, beheko espazioa utzi die udalak eta hori pixkana atontzen ari dira. «Eztabaidatzen ari gara zer egingo dugun bertan; zehazteke dago zer egingo dugun, baina hurrengo hilerako martxan jarri nahi dugu», esan du Luquek.