Datorren irailaren 11tik 15era bitarte hitzaldiak, tailerrak eta erakusketak izango dira artearen inguruan
Nestor Basterretxea eskultoreari eskertza omenaldia egingo diote Tolosako lehen Eskulturasteko itxiera ekitaldian, datorren irailaren 15ean. Horren aurretik, ordea, arteari eta eskulturari bereziki eskainitako hamaika jarduerez betea izango da astea.
Tolosako Ekinbide Etxeak antolatu du Eskultura eta Eskuhartze artistikoaren I. Simposiuma, eta «helbururik behinena herritarrak artearengana hurbiltzea» izan da hasieratik, Nisa Goiburuk agerraldian azaldu duenez.
Ibai Iriarte Tolosako alkateak «hasiera-hasieratik oso aukera ona» iruditu zitzaiela nabarmendu du: «Aspaldikoa da Tolosak artearekin duen lotura, eta Tolosan museo asko dauden arren, hoberena kalea bera da». Horrela beraz, artisten tradizio honi jarraipena ematearekin batera, Iriarte alkateak «belaunaldi berriei lekua emateko» modu egokia dela azpimarratu du: «Lehen Eskulturastea da, eta ez dadila azkena izan; oso-oso aberasgarria da espazio publikoak artearekin betetzea, eta arteak jendea espazio horietara erakartzea».
60. hamarkadari jarraituz
Nisa Goiburu epaimahaikide eta antolatzaileak 60. hamarkadan Euskal Herriak bizi izan zuen loraldi artistikoa gogora ekarri du: «Arte talde berriak sortu ziren, eta gaur egun nazioarte mailan ezagunak diren hainbat artista zeuden talde horietan: Txillida, Oteiza, Ugarte, Basterretxea,... Hain zuzen ere, eskultore hauen lanek osatzen dute Tolosako kaleetako arte bilduma».
Modu honetara, eta 60. hamarkadako abangoardia joera haiei heltzeaz gain, belaunaldi berriei begira jarri nahi izan dute hasieratik antolatzaileek. Horretarako bidea izan da lehiaketa bera. Manu Uranga zumaiarraren Estolda arteko lerroak lana aukeratu du epaimahaiak, eta irailaren 15eko ekitaldian emango diote lehen simposium honetako saria.
Bide beretik, ordea, antolatzaileek garrantzia berezia eman diote, lehen Eskulturaste honetako egitarauan, ikastetxeekin elkarlanean aritzeari. Hau dela eta, irailaren 14an, Hirukide, Laskorain, Orixe, Samaniego eta Uzturpe ikastetxeetako gaztetxoak kalera irtengo dira, artearekin zerikusia duten zenbait jarduera burutzera.
Batetik, fruta eta barazkiekin eskultura iragankorra egingo dute 9 urteko neska-mutilek: «Gaztetxo bakoitzak etxetik ekarriko ditu lehengaiak, eta gero Caritas-i, Abegiri eta Jakien Bankuari emango diete janaria», azaldu du Goiburuk. Era berean, 13 eta 14 urteko gaztetxoek artxibo aurreko plazan beren sormen lanak egingo dituzte.
Azkenik, lehen simposium honetara aurkeztutako lanen maketen erakusketa hilaren 6tik 16ra bitarte ikusgai izango da Topic zentroan, 11:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara.
EGITARAUA
Irailak 11, asteartea
20:00. Hitzaldi-eztabaida Topic zentroan: ‘Hiriaren eraikuntza: erronka berriak arte parte-hartzean hiri eremuan’. Peio Agirre, Miren Jaio eta Pello Irazu ariko dira eztabaidan, eta moderatzailea Oteiza Museoko Juan Pablo Huércanos izango da.
Irailak 12, asteazkena
20:00. Hitzaldi-tailerra Topic zentroan: ‘Eskultoreak bere ideia eta lanak landuko dituen tailerra’. Ricardo Ugarte eskultorea ariko da, eta Julia Otxoaren poemak izango dira. Solasaldia Box.A arte elkarteak gidatuko du.
Irailak 13, Osteguna
20:00. Hitzaldia Topic zentroan: ‘Abangoardia eta tradizioari buruzko gogoeta batzuk: euskal eskultura mito gisa’. Hizlaria Asier Mendizabal eskultorea izango da, eta moderatzailea Jose Mª Armentia.
Irailak 14, ostirala
12:00-20:00. Fruta eta barazkiekin egindako eskultura iragankorra edo alfonbra-mandala. Hirukide, Laskorain, Orixe, Samaniego eta Uzturpe ikastetxeetako ikasleek egingo dute eskultura, San Frantzisko pasealekuan.
20:00. Elkarrizketa lehiaketako eskultore irabazleekin, Fronton jatetxean. Santi Eraso izango da aurkezlea.
Irailak 15, Larunbata
12:00. Lehiaketako sari banaketa Topic zentroan. Lehen Simposiumaren azterketa eta itxiera ekitaldia. Nestor Basterretxeari omenaldia bere etengabeko laguntza eta eskuzabaltasunagatik, Tolosako ondare artistikoaren garapenean.
Bestelakoak
-Alkizako Urmara museora bisita.
-Eskultura tailerrak Box.A arte tailerrarekin.