Haurrak izango dira protagonista aurten, Izaskun auzoko jaietan

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko uztailaren 25a

Laket taldeak egin du aurtengo jaietako abestia; irailaren 7an kontzertua eskainiko dute Sputnik plazan

«Festak ahalik eta jende gehienarentzat» izateko helburuz, garrantzia berezia eman diote aurten haur eta gaztetxoei, Izaskun auzoko festa batzordeko kideek. Horrela beraz, egitarauan zenbait berrikuntza izango dira, datorren irailaren 7tik 9ra bitarte ospatuko dituzten jaietan.

Duela sei urte zenbait gazte auzoko jaiak berreskuratzeko lanetan hasi zirenez geroztik, egitaraua osatuz eta betez joan izan dira Izaskun auzoko jaien antolatzaileak. Aurten ere, bi berrikuntza txertatu dituzte egitarauan: haurrei eskainitako jarduerak eta tortilla lehiaketa.

Jaien aurkezpenean, Garazi Altuna, Urtzi Gorostiaga eta Iñaki Lopetegi antolatzaileak izan ziren, eta auzoko jaiak ahalik eta jende gehienari eskaintzea helburuetako bat dela argi utzi zuten. Horri, aurten batelen estropadarik ezin antolatu izana gehitu behar zaio: «Azken unera arte erabaki hau saihesten saiatu garen arren, ez dugu estropadarik ez egitea beste irtenbiderik ikusi, aurreikusi dugun parte hartze eskasa medio».

Horrela beraz, haurrei eskainiko diete larunbat goiza, jolasekin eta marrazki erraldoiarekin. Igandean, berriz, Poxpolo eta Konpainia pailazoen emanaldia izango da gaztetxoenentzat.

Aurtengo bigarren berrikuntza, igandeko egitarauari eman nahi izan dioten bultzada izan da: tortilla lehiaketa antolatu dute goizerako. Parte hartzaileek tortillak etxetik eginda ekarri beharko dituzte, eta epaimahaiaren erabakiaren ondoren, zahagi ardoarekin tortilla guztiak dastatuko dituzte.

Jaietako jarduerarik «kuttunenetakoa» ez da falta izango datorren irailean: danborrada. Urteroko poteoaren ondoren, auzoko elkarteetan bazkalduko dute parte hartzaileek, eta Bonberenea Txarangarekin izango da danborrada 23:00ak inguruan.

Danborradan parte hartu nahi duen edonork, Emendek, Arsenal eta Izaskun elkarteetan, nahiz Denak tabernan eman beharko du izena.

Era berean, auzo bazkarirako txartelak ere auzoko taberna nahiz dendetan eskuratzeko aukera izango dira. Larunbat eguerdian izango da bazkaria, Izaskun plazan.

Laket-en abestia festetarako

Laket erromeria taldeak egin du, 2012ko Izaskun auzoko jaietako abestia.

Hain zuzen ere, irailaren 7ko danborradaren ondoren izango diren kontzertuan parte hartuko du taldeak, Kantaflor-ekin batera. Bertan estrainekoz joko dute jaietako abestia, eta aurreko auzoko festetako abestien gisa berean, Bonberenean grabatu dute kantua.

Musika emanaldiek Izaskungo auzoko jaietan duten garrantziaren lekuko, aurtengo jaietako «ekitaldi nagusia» larunbat gauekoa izango dela aipatu zuten antolatzaileek: «Euskal Herriko goi mailako hiru talde izango dira Sputnik plazan: Napoka Band, Willis Drummond eta Anai Arrebak».

Izaskun auzoko jaiak 2012

Irailak 7, ostirala

18:00. Txupinazoa eta txokolate jatea. Ondoren, buruhandiak irtengo dira.

19:30. Trikipoteoa abiatuko da txosnatik, Albizturtarren eskutik.

20:30. Danborradako afaria.

22:45. Danborrada Bonberenea Txarangarekin.

00:00. Kontzertuak Sputnik plazan: Kantaflor eta Laket taldeak.

Irailak 8, Larunbata

11:00. Haur jolasak eta marrazki erraldoia.

14:00. Auzo bazkaria izango da, txarangarekin, Izaskun plazan.

19:00. Sagardo dastatzea pintxoekin, Izaskun plazan.

21:00. Zahagi ardoa Izaskun plzan.

23:00. Kontzertuak Sputnik plazan: Napoka Band, Willis Drummond eta Anai Arrebak.

Irailak 9, Igandea

09:00. Diana, Tolosako Udal Txistulari Bandaren eskutik.

12:00. Toka Txapelketa.

13:00. Tortila Txapelketa.

14:00. Zahagi ardoa, Izaskun plazan.

17:00. Izaskun auzoko Mus Txapelketa 2012, Izaskun plazan.

17:30. Pailazoen emanaldia gaztetxoentzat: Poxpolo eta Konpainia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!