Alkateen Ituna sinatu zuten herrietatik pasako dira Energiaren Egunak; datorren astean Amezketan izango dira
Herritarrak kontzientziatzeko helburu garbirekin, eta bihar arratsaldera bitarte, Energiaren egunak, zurekin bai! egitasmoaren barruko jardueretan parte hartu ahal izango da, Euskal Herria plazan. Ente Vasco de la Energia erakundeak antolatuta, haur, gazte nahiz helduei gaur egungo ingurumenaren egoeraren jabe izateko bideak eskaintzen ditu egitasmoak.
Alkateen Ituna deiturikoaren barruan kokatu behar da egitasmoa, Ioana Alijostes arduradunak nabarmendu duenez: «Itun hori sinatu zuten herri guztietatik pasako gara, eta herri bakoitzean bi edo hiru egunez egongo gara. Helburua garbia da: energia berriztagarrien inguruko kontzientziazioa zabaldu nahi dugu».
Horrela beraz, Energiaren egunak, zurekin bai! programaren bitartez, batetik, CO2aren isurtzea %20 jaitsi nahi dute. Era berean, Eraginkortasun energetikoa ere %20 igotzea da jomugetako bat, eta azkenik, energia berriztagarriak %20 gehiago erabiltzea ere bai.
Hau guztia bideratze aldera, adin guztiei begirako guneak prestatzen dituzte herrietako plazetan, eta sei begiralek gidatzen dituzte bertaratzen diren herritarrak.
Haurrentzako, Ideien hodeia izeneko gunea prestatzen dute. Bertan, pieza erraldoien bidez, etxeko txikienei energia berriztagarrien nahiz ingurumenaren arloko ideiak helarazten saiatzen dira, jolasen bidez.
Gaztetxoagoentzat, bi zirkuitu daude: bizikletei egin beharrekoa izaten da bat, eta denborak arbel batean idazten dituzte, errekorrak pixkana ezartzeko. Bigarren ibilbidea, berriz, auto elektrikoekin egin beharrekoa da.
Kontzientziazioari informazio forma emanez, eta bertaratzen diren helduei begira, iPad batzuk jartzen dituzte herritarrek bertan energia berriztagarrien inguruko gauzak kontsultatu ahal izateko, eta informazio gunea ere bada, eskuorri eta datuekin.
Herritarrei arreta gehien ematen diena, ordea, auto elektriko eta hibridoen gunea da, arduradunek diotenez: «Aurrera begira, eta gasolina alde batera utzi behar denerako, zein bide jarraitu ahal izango diren erakustea da helburua. Horretarako, hainbat auto ikusgai izaten dira, eta jende askok erakusten du interesa». Bide honetan, Ainhoa Aretxabaleta langileak ere gauza bera dio: «Jende askok galdetzen du autoen inguruan, eta besteak beste, prezioak kezkatzen ditu gehien».
Hain zuzen ere, etorkizunean herritarren eguneroko izango diren auto hauek gidatzen ikasteko ikastaroa da, Energiaren egunak, zurekin bai! egitasmoko atal nabarmenetakoa.
Ioana Alijostesek azaldu duenez, Gidatze ekonomikoaren ikastaroa izena eman diote. Atzo goizean burutu zuten lehenengoa Tolosan, eta hiru herritarrek parte hartu zuten bertan. Jende gehiagok izena emanez gero, ordea, bihar arte izango da ikastaro honetan parte hartzeko aukera.
Izena emateko, hainbat bide eskaini dituzte antolatzaileek. Batetik, internet bidezko izen-ematea egin daiteke, www.energiarenegunak.com webgunearen bidez. Era berean, Euskal Herria plazako gunera joanda ere, zerrendan izena eman ahal izango da.
Europar Batasunarekin bat
Europako zenbait udalek Europar Batasuneko energia politikaren helburuak baino hareago joateko bere egin duten borondatezko konpromisoa da, Alkateen Ituna.
Europar Batasunak 2020. urterako 20-20-20aren bidez zehaztu nahi ditu CO2aren isurtzea murriztea, eraginkortasun energetikoa haztea eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea.
Itun honen arabera, beraz, kideek 2020rako CO2 isurtzeak, gutxienez, %20 murriztearen konpromisoa hartu dute.
Alkateen Ituna sinatu duten udalerriek, helburu hauetara iriste aldera, Energia Iraunkorreko Ekintza Plana diseinatu dute, eta herri hauetan 2020. urtera bitarte energia aurrezpenaren esparruan egin beharreko jarduerak zehaztu dituzte. Jarduera hauek, herrian energia kontsumitzen duten sektore guztietan gauzatuko dituzte: udal bulegoetan, etxebizitzetan, garraioan, dendetan...
Aipatzekoa da, Euskal Autonomia Erkidegoan, hamalau udalek sinatu dutela, oraingoz, Alkateen Ituna, eta herritarren %46a ordezkatu dute modu honetara.
Eskualdean, Tolosak eta Amezketak parte hartu dute ingurumenaren aldeko egitasmo honetan.
11:00etatik 20:00etara bitarte izango dira, bihar arte, Tolosan, eta ordutegi berarekin, astelehen eta asteartean, Amezketan.