Eskuekin ukitzen den turismoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko uztailaren 18a

Hamaika modutara definitu izan da turismo hitza historian zehar, eta turismoa bera gauzatzeko moduak ere, askotarikoak izan ohi dira.

Tolosan, bertako gastronomia eta landa ingurumena probestuz, turismoa egiteko joera berriak martxan jarri dituzte uda honetan, Turismo Esperientzia deituriko egitasmo berriekin. Batetik, eskualdeko produkturik bereizgarriena den babarrunaren ingurura bertaratzea helburu duen Tolosako babarrunarne bidaia, ereitetik platerera programa prestatu du Tolosaldea Garatzen agentziako Turismo sailak. Bide beretik, eta gastronomiaren adar gehiago ukituaz, Tolosa Gourmet, zu zeu chef onena izeneko bigarren proiektua ere abian da.

Turismo Esperientzia deituriko filosofiaren barruan daude biak ala biak. Turismo arruntak biltzen dituen ezaugarriez gain, parte hartzea sustatzen duen turismoa da honakoa, eta esperientzia gogoangarriak ditu helburu. Bisitariek, oporretara joan eta bisitatu duten hainbat leku berri ikusmenaren bidez ezagutzeaz haratago, fisikoki parte hartu ahal izango dute ezagutu nahi duten kultura eta ohitura horietan; eskuekin uki daitekeen turismoa egin ahal izango dute, beraz, hitz batean.

 

Tolosako Babarrunaren bidaia

Pasa den ekainaren 10ean hasi zen, Tolosako Babarrunaren bidaia, ereitearekin: «Bisitariari lau jardueretan parte hartzea eskaintzen diogu, eta bakarrean edo denetan parte har dezake».

Horrela beraz, Urkizuko Olateaga Goikoa baserrian, hiru familia aritu ziren babarrun aleen landatzean. Igande honetan, egitasmoaren bigarren saioa egingo dute, leku berean; kasu honetan, zaintzearen atalean parte hartuko dute turistek, eta 10:30etik 16:30era bitarteko egun pasa egingo dute guztiek. Irailaren 23an, berriz, babarrunak biltzeko eguna izango da.

Tolosako Babarrunaren bidaia azaroan amaituko da, laugarren saioarekin. Babarrunaren astearen harira, parte hartzaileek txapelketa ikusteko aukera izango dute, eta babarrunak dastatzekoa ere bai; era berean, lau saioetan parte hartu dutenek, eurek ereindako, zaindutako eta jasotako babarrunak etxera eman ahal izango dituzte.

Babarrunaren prozesu hau guztia, http://tolosakobabarruna.blogspot.com.es blogean jarraitzeko aukera ere izango da.

Azokatik platererako bidea

Gastronomia izango da muina, Tolosa Gourmet, zu zeu chef onena turismo eskaintzan ere. Tolosaldea Garatzenek Zerkausi kalean dagoen Sukaltalka Workshop-ekin elkarlanean burututako egitasmoa da honakoa, eta bertako gastronomiaz gain, Tolosan hain esanguratsua den larunbateroko azoka ere erakutsiko diete bisitariei.

Proposamen honen bidez, «turistak nahiz interesa duen edonor»  gonbidatu nahi dute antolatzaileek, parte hartzera. Tolosako nahiz Euskal Herriko errezeta nabarmenenak prestatuko dituzte, Tolosaldeko sukaldari ezagun batekin.

Larunbat honetan lehen saioa egingo dute, 11:00etatik 15:00etara bitarte, baina saio gehiago aurreikusi dituzte abuztuaren 15, 12 eta 19rako, eta baita irailaren 1, 8 eta 15erako ere.

Sukaldeko lanetan hasi aurretik, Zerkausiko postuetan barrena ibiliko dira, osagaiak bertako baserritarrei erosteko; sukaldariek lehengairik hoberenak aukeratzen lagunduko diete bisitariei. Azkenik, aipatzekoa da Euskal Herria plazako eta Berdura plazako azokak ere bisitatuko dituztela.

Behin erosketa egin eta gero, Sukaltalka tailerrera joango dira, errezetak prestatzea; besteak beste, pintxoak, garaian garaiko barazkiak eta Tolosako babarrunak Ibarrako piperrekin egingo dituzte. Norberak prestatutakoa jateko aukera izango du, eta herriko gozo ezagunekin osatuko dute bazkaria.

Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailak antolaturiko bi egitasmo hauek, zenbait ezaugarri bereizgarri dituzte arduradunen arabera. Batetik, esperientzia gogoangarriak izan behar dute; bisitariek jardueretan parte hartzea oso garrantzitsua da beren ustez, eta Tolosako Babarrunaren bidaian, bisitariek haziak ereiteko aukera izan dute hasiera-hasieratik, prozesu osoan baserritarraren lanaren zati batean parte hartuz. Larunbatean bertan hasiko den turismo eskaintzan ere, bisitariek eurek prestatuko dituzte jakiak.

Bide beretik, turismoa ikasteko bidea izatea ere azpimarratu dute. Adibidez, bisitariek babarrunen hainbat alderdi ezagutu eta ikasteko aukera dute: zein tenperaturetan landatu behar diren, nola zaindu behar diren, nola bildu behar diren,...

Azkenik, sozializazioa eta elkarreragitea ere turismo esperientziaren oinarrietako batzuk dira, Tolosaldea Garatzeneko antolatzaileen arabera: «Turistek, bertako jendearekin partekatuko dute eguna».

Bi eskaintzen inguruko informazioa eta erreserbak egiteko aukera, Tolosaldea Tour bulegoan izango da, bertara joanda, 943 69 74 13 telefono zenbakira deituta edo tour@tolosaldea.net helbide elektronikora idatzira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!