Bi erakusketak bat egin dute Tolosako Aranburu jauregian; behe solairuan dagoen Peregrinatio, argiaren bidetik izenekoa eta azpiko solairuan dagoen Gipuzkoako Santiago-Bide Lagunen Elkarteak antolatutakoa. Donejakue Bidea da erakusketen ardatza, baina bakoitzak du bere nortasuna. Biak ikusgai daude abuztuaren 4a arte. Asteartetik larunbatera bitarte bisitatu daitezke, 17:30etik 20:30era.
Juan Ramon Llavori Romatet zumaiarraren proiektua da Peregrinatio, argiaren bidetik erakusketa. 2002an egin zuen lehenengo aldiz Donejakue Bidea, eta ondoren beste hamabi aldiz egin du. Erakusketan 50 artisten artelanak daude: eskulturak, margolanak, marrazkiak, grabatuak eta Llavori berak eta Javier Lucasek ateratako argazkiak. Donejakue Bidea ez ezik, munduko beste bide batzuk ere bere isla dute Aranburun. «Proiektu honekin hasi nintzenean, mundu guztiko bideak azaltzea zen asmoa», esan du Llavorik. «Eta zer dira, azken finean, mundu guztiko bideak, gizakien bideak baino? Horregatik, nire asmoa zen, ahal den moduan eta ni egon naizen lekutik, adibide gisa argazkiak hartu eta proiektuan sakontzea».
Hasieratik argi zuen Llavorik zer nahi zuen egin proiektu horrekin: «Bidearen bitartez jaso dudana itzultzea. Baldintza batekin, bideen izpiritu zuzena berreskuratzea. Egun, tristea da esatea, baina nire ustez turisten bidea bihurtzen ari da Donejakue Bidea. Eta bideak beste gauza garrantzitsuak ditu».
Bestalde, argi du ere Llavorik bakoitzak bidea egin dezakeela nahi duen moduan: «Codex Calixtinus bertan agertzen da zein motatako jendeak egiten zuen bidea, eta denetik dago. Ni zer naiz besteari esateko nola egin behar duen, baina badut niri iritzia eta proiektu honekin nire iritzia plazaratu nahi dut».
Llavori berari «bizi poza» eman dio bideak: «Askotan esan dut nire bigarren etxea dela bidea. Oso barnean sentitzen dut». Aspaldidanik artistekin harremana izan du, eta hainbati proiektuaren izenburua kontuan hartuta lan bat egiteko eskatu die. Horrez gain, obra batzuk lortu ditu bilduman sartzeko. «Askatasun osoz egindako artelanak dira», azaldu du Llavorik. «Estilo guztiak biltzen dira: realismoa, hiperrealismoa, surrealismoa...».
Jendeari erakusketara joateko gonbidapena egin die Llavorik, «ez bakarrik artelanak ikusteko, baita bideari buruz erakusketak ematen duen pentsamenduan sakontzeko, bakoitzak bere askatasunetik».
Elkartearen 25. urteurrena
Aurten Gipuzkoako Santiago-Bide Lagunen Elkarteak 25 urte bete ditu, eta horren harira hainbat ekimen egiten ari dira. Besteak beste, Aranburun ikusi daitekeen erakusketa ibiltaria. Bertan, lumaz egindako marrazkiak eta Gipuzkoako kostako eta barneko bidearen argazkiak ikusi daitezke. Azken hori Tolosatik igarotzen da.
Lumaz egindako marrazkiak Manuel Barrenetxearenak dira. Elkarteko kidea eta sortzaileetako bat da Barrenetxea. Orreagatik Santiagora egindako bidean gustuko leku eta txokoei argazkiak atera eta gero etxean lumazko marrazkiak egin ditu. Tolosan 53 ikusi daitezke. «Lan handia dute marrazkiek, kolore bakarrekoak izanik, xehetasun guztiak egitea zaila baita», dio Barrenetxeak.
Argazkiez eta marrazkiez gain, erakusketan bada liburu bat oso berezia: Codex Calixtinus-en kopia fidela. Horrelako mila ale bakarrik daude. Benetakoaren orbainak ere fidelki kopiatuta ditu aleak.
Elkarteak bulegoa du Tolosan, Santa Maria elizaren ondoko apaiz etxean. Elkarteko kideak ostegunetan, 19:30etik 20:30era, izaten dira bertan. Bestalde, 692 70 60 60 edo 675 70 95 86 telefono zenbakietara deitu daiteke informazioa jasotzeko.