Google Earth-ek antolatzen duen Model Your Town (euskaraz Eraiki Zure Hiria) lehiaketa irabazi dute orain gutxi Josetxo Perez tolosarrak eta Pedro Domecq donostiarrak Virtualsim izenpean, Getaria herria Interneten hiru dimentsiotan jartzeko egindako lanarengatik.
Google enpresak erreminta batzuk eskaintzen ditu Google Earth programaren gainean lan egiteko. Satelite bidezko mundu osoko argazkiz osatutako puzzle erraldoia da Google Earth. Perezek azaldu duenez, «Googlek ematen digu aukera lurzoru horretan eraikinak jartzeko. Kanpoko itxura ematen diogu programa baten bitartez, eta gero, beste programa batzuen bidez, bertan ateratako argazkiekin forratu egiten dugu». Perezek gaineratu duenez, «eraikinak ahal den errealenak egiten saiatzen gara, ahal ditugun xehetasun guztiak sartuz».
Getariakoaz gain, eskualdean ere zenbait herrietako eraikinak egin ditu Perezek. Tolosako Iurreamendi egoitza, zezen plaza edo Sputnik eraikinak ikusi daitezke Google Earth-en. Beste batzuk egindako Tolosako zenbait eraikin ere ikusgai daude. Perez egun Iruran bizi da eta bertako eraikin batzuk ere egin ditu. Beren egitasmoak www.gipuzkoa3d.com helbidean dituzte ikusgai.
Informatikaria da Perez, eta enpresen mantenu informatikoa egiten du. Getariako herriarekin lortutako sariak aukerak zabaltzen ari zaizkie hiru dimentsioko proiektuak egiteko, eta asmoa dute alor horretatik enpresa jarduera zabaltzeko. «Ateak zabalik ditugu. Deitzen diguten lekuetatik interesa azaltzen dute, baina dirurik ez dutela esaten dute», azaldu du Perezek. «Ea datozen aurrekontuetan, Turismo Sailetik diru laguntzak ematen dizkieten udalei horrelako proiektuak egiteko. Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan gaude, eta helburua da formularen bat bilatzea herri txikiei bere burua munduan ezagutarazten laguntzeko».
Jendearen babesa
Model Your Town lehiaketara aurkeztu ondoren, Google-k lehenbizi profesionalen arteko hautaketa egin zuen, eta hautagai horiek finalera pasatu ziren. Irabazlea internet bidez aukeratzen du mundu osoko jendeak, eta boto gehien lortzeko kanpaina abian jarri zuten Virtualsimeko kideek. Perez oso gustura dago lortutako sariarekin: «Alde batetik, finalera pasatzean, gure lana ona dela adierazten digute. Bestalde, jendearen eta erakundeen babesa jaso dugu bozketan».
Orain bi urte ere aurkeztu ziren Donostia hiru dimentsiotan eginez. Orduan hainbat taldeetako hamabost pertsonen artean aritu ziren, eta finalera ere pasa ziren, baina ez zuten asmatu marketing lana egiten lehen saria eskuratzeko. Bi urtez behin egiten da lehiaketa eta bietan finalera iristeak meritu handia duela nabarmendu du Perezek. Google Earth programa ezagutarazteko Getariako proiektua erabiltzen dutela mundu osoan azaldu du Perezek, eta gaineratu: «Getariako alkateak esan zuen moduan, Elkano getariarra izan zen lehena munduari itzulia ematen, eta orain Elkanoren jaioterria egongo da bi urtez munduari itzulia emanez».
Getariako proiektuaren sariarengatik 25.000 dolar (18.000 euro inguru) jasoko dituzte, baina ez dira beraientzat izango. «Eskola bati eman behar zaio dirua, eta noski, Getariako eskolari ematea pentsatu genuen», azaldu du Perezek. Irailean jasoko dute saria, eta horretarako Google-ko ordezkaritza etorriko da. «Profesionalki oso polita izan da Getariaren proiektua, eta herritarrengandik jasotako berotasuna ere oso gustura hartu dugu», dio Perezek.