Android sistemarentzat turismo aplikazioa sortu du Euskomediak, eskualdeko informazio eta datuekin
Tolosako musikari nahiz musikariei eskainitako ibilbideak osatuko du, udalak eta Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak diseinaturiko ibilbideen sorta, Tolosa Musikala zirkuituarekin.
Bost dira, guztira, Tolosara bertaratzen diren bisitariek burutu ahal izango dituzten ibilbide tematikoak: Erdi Aroko udazkenetik Napoleonen egunetara, Napoleonen garaitik gaur bizi garen mundura, Begiratokiak, Sentitu artea eta Tolosa Musikala. Guztien inguruko informazioa, www.tolosakoudala.net webgunean eskuragarri da jada; euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez irakurtzeko aukera izango dute turistek, ibilbide bakoitzaren gainean klik eginez.
Aurkezpen prentsaurrekoan Hasier De los Rios zinegotziak nabarmendu zuenez, gainera, berrikuntza nabarmenetakoa udalaren webgunetik Google Maps-erako lotura izango da: «Ibilbide bakoitzaren historia laburra eta argazkiak ikusteko aukera izango da». Bide honetan, Tolosa Musikala izeneko ibilbide berriak historiaz eta argazkiez gain, doinuak ere izango ditu, izan ere, Google Maps-en markaturiko gune interesgarri bakoitzaren gainean klik eginda, plaza edo kale horrekin lotura duen kanturen bat entzun ahal izango da.
Turismo arduradunek azaldu dutenez, «ibilbide honen bitartez, urtean zehar, egun eta leku oso zehatzetan bakarrik entzuten diren doinuak» bildu nahi izan dituzte, bisitariei helarazteko: inauteri nahiz Gabon doinuak, San Joan zortzikoa, Felipe Gorritiren obrak eta beste hainbat doinuk lagunduko diote bisitariari.
Ibilbideak teknologia berrietara ere egokitu nahi izan ditu udalak, eta kaleko paneletan nahiz herriko dendetan banatuko dituzten txarteltxoetan, QR kodeak txertatu dituzte, smartphonen bidez zirkuituak jarraitu ahal izateko.
Dena den, Tolosaldea Tour bulegoan ere euskarri fisikoa izango dute ibilbideek, eta liburuxkak eskuragarri izango dira.
Android-en bidez bisitari
Euskomediak «Euskal Herriko ondarearen eskuko gida» sortzeko helburuz, Euskal Herria ezagutzeko Android-erako aplikazioa sortu berri du.
Koro Murok azaldu duenez, Tolosako 20 gune txertatu dituzte aplikazioan, eta Ibarrako 3. Pixkanaka, ordea, edukiak osatu eta aplikazioan sartzen joango dira, eskualde osoko informazio turistikoa bertan izateko: «Ondarea zentzu zabal batean jorratu nahi dugu, eta eskultura eraikin eta abarrez gain, tradizioak ere islatu nahi ditugu. Horregatik, hemendik gutxira, sanjoanetako nahiz inauterietako bideoak ere ikusi ahal izango dira aplikazio honen bitartez».