Azken urteotako eskaintzarik onenak egin behar izan dituzte aurten merkatariek, udako merkealdi hasieran. Pasa den astelehenean hasi ziren dendetako
beherapenak, eta Tolosaldea Garatzeneko merkataritza sustapeneko arduraduna den Agustin Adurizek, honakoa baieztatu du: «Krisi ekonomikoak bultzatuta, prezioak ohi baino baxuagoa dira aurten, bai».
Udaberriko salmentak, ohi baino kaskarragoak izan direla nabarmendu du Adurizek, eta ekonomiaren egoerari, eguraldia ere gaineratu dio merkataritza sustapeneko arduradunak: «Udaberria nahiko latza izan da, eta eguraldiak ere ez du gehiegi lagundu. Orain, saldu ez diren produktu horiek aurrera ateratzea espero dugu. Merkealdia hasi besterik ez da egin, eta ezin dut baloraziorik egin, baina kalean jendea ikusi dut dendetan, eta hori seinale ona da».
Honen harira, herritarrek udaberrian egin gabe utzitako erosketak, merkealdiko beherapenak probestuz egingo dituztela aurreikusi dute Tolosaldeko merkatariek; Agustin Adurizek jendeak prezio berezi hauek probesten eta eskertzen dituela nabarmendu du.
Udako beherapenak hasi besterik egin ez diren honetan, ordea, eskualdeko merkatariak buru-belarri lanean ari dira, datorren udazkenerako kanpaina eta promozio bereziak prestatze bidean. «Urtean zehar, merkealdi edo beherapenak ez baldin badira, eskaintza nahiz zozketa bereziak izango dira aurten», azaldu du Adurizek. Orain prestatzen duten guztia, eskualdeko kontsumoa sustatzeko izango da, jendeak erosketak herrian bertan egiteko. «Mugitzen dena, behintzat, Tolosaldean mugi dadila», dio Agustin Adurizek.
Bide horretan, Tolosaldeko merkatarien aldartea ona dela azpimarratu du Adurizek: «Egia esan, eskualdean, beste zonalde batzuetan baino egoera hobea dugu. Adibidez, ez da nabarmena izan denden itxiera; alderantziz, irekiera berriak ere izan dira».
Adurizek, Tolosaldeko merkatariak egoera duintasunez eusten ari direla azpimarratu du: «Sektorean urte gehien daramatzaten merkatariek, bederatzi edo hamar urtez behin nolabaiteko beherakada izaten dela badakite, eta beti izaten dira krisialdiak, hau luze suertatzen ari den arren». Horrela beraz, eta «irabaziak sekulakoak izan ez diren arren», Ibarra, Villabona eta Tolosako merkatarien elkarteak «aurrera egiteko moduan» direla azaldu du Tolosaldea Garatzeneko merkataritza arduradunak.
Herrian bertan erosteko bideak
Urte osoan zehar, eta merkealdi garaian bereziki, hiriburu nahiz saltoki handietan erosketak egiteko joera nabarmena izaten da.
Tolosaldean, merkataritzaren arloan lanean ari direnek hainbat buelta eman dizkiote kontu honi, eta helburu argi bat dute: erraztasun guztiak eskaini behar dizkiete herritarrei, erosketak bertan egin ditzaten.
Bide horretan, Tolosa & Co elkarteko merkatariek, Tolosa merkatalgune handien pareko hirigune komertziala izatea nahi dute. «Hori lortzeko, zenbait zerbitzu eskaini behar dira, kalitatedun komertzioaz haratago: aparkalekuak edo jendea hona erraz iristeko modua, adibidez. Garraio publikoko sareekin ordutegiak-eta adosten ari gara jada», nabarmendu du Adurizek. Hau guztia, ordea, epe luzerako lana dela dio merkataritza arduradunak, eta eragile askoren elkarlanak fruituak gerora ematen dituela azpimarratu du.
1.000 kontsumizio opari, uztailan eta abuztuan
Tolosa & Co elkarteko ostalariek 1.000 kontsumizio doan eskainiko dituzte uztailan eta abuztuan.
San Joan jaien harira, Tolosa & Co elkarteak ostalariak ere aurrerantzean elkarteko kide izango direla jakinarazi zuten.
Hain zuzen ere hau ospatze aldera antolatu dute 1.000 kontsumizioen egitasmoa.
Elkarteko kide diren taberna, pub eta jatetxeetan gozatu ahal izango da promozioaz.
Gasolina ere merkeago
Tolosa & Co merkatari elkarteak, era berean, gogora ekarri nahi izan du, Tolosa & Co Visa txartela duten herritarrek, gasolina ere merkeago eskuratzeko aukera izango dutela Arriaran gasolindegian. Ordainketa txartelarekin eginez gero, %2ko beherapena eskuratzeko aukera izango da.