Euskal presoak eta hauen eskubideak aldarrikatu dituzte, asteburuan

tolosa 2012ko uzt. 3a, 07:08

Tolosako Herrira mugimenduak hainbat ekimen antolatu ditu Pello Odriozola etxean egon behar zuela gogora ekartzeko. Atzo, uztailak 2, 24 urte bete zituen espetxean sartu zutela. 2008az geroztik kalean behar zuen tolosarrak, baina Parot Doktrina ezarri, eta beste hamar urtez luzatu zioten zigorra. Bada, espetxean 24 urte betetzen zituen egunean, Pello Lizardira! lelopean elkarretaratzea egin zuten, Tolosan.

Igandean, berriz, Pello Odriozola preso dagoen Zuerako (Zaragoza, Espainia) kartzelara irteera egin zuten. Hogeita hamar bat lagunek egin zuten bidaia, eta Odriozolaren arrebak eta Ibai Iriarte Tolosako alkateak, espetxeko zuzendariarekin egoteko asmoa zuten. Tolosako udalbatzak onartutako mozioa eman nahi zioten, baina ez zuten lortu Tolosako Herrirak azaldu duenez: «Igandean, zuzendaria ez zegoen bertan, eta segurtasunekoekin egon behar izan zuten. Hauek emandako mozioa zuzendariari bideratuko ziotela esan zieten».

Urtarrilaren 31n egindako osoko bilkuran onartu zuen mozioa Tolosako udalbatzak. Egin Dezagun Bidea ekimenak eta Lizardi kultur elkarteak aurkeztutako mozioarekin bat eginez, Bildu, EAJ eta Aralar alderdiek Pello Odriozola preso tolosarraren askatasuna eskatu zuten. PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen bozketan. Bitartean, Zuera espetxera joandako hogeita hamar lagunek, espetxearen kanpoan elkarretaratzea egin zuten. Ez zuten inolako arazorik izan, «ez zen inor agertu, eta pakean utzi ziguten», gaineratu dute Herrira mugimendukoek. Tolosako Herrirak deitutako ekimenen artean, manifestazioa egin zuten larunbat arratsaldean. Preso tolosarrari babesa erakusteko helburuarekin, jende ugarik hartu zuen parte. Herriko kaleetatik barrena ibili ziren, Bizi arteko zigorrik ez! Pello Herrira lelopean.

Etxeraten batzarra, Leidorren

Etxerat elkarteko kideak, igandean, nazio mailako batzarra egin zuten Tolosako Leidor antzokian. Euskal presoek paraitzen duten sakabanaketa eta salbuespeneko neurrietan oinarritutako espetxe politika behingoz aldarazteko dei zuzena egin zieten Euskal Herriko eragile politiko eta sindikalei, baita jendarteari ere.

Madril eta Paris salbuespenezko espetxe politika eusten eta gogortzen ari direla salatu zuten, eta Euskal Herrian abiatutako aro politiko berriari muzin egiten jarraitzen dutela adierazi zuten. Etxeraten txostenak jasotzen duenez, 634 preso daude Espainia eta Frantziako 88 espetxetan sakabanatuta.

Sakabanaketarekin batera, isolamendua, gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak espetxean mantentzea eta baldintzapeko askatasuna ukatzea dira Estatu Espainiarra eta Frantziarraren politikaren ezaugarri nagusienak. «Giza eskubideak ez dira saltzen, ez eta negoziatzen ere. Errespetatu ala urratu egiten  dago», adierazi zuten.

Herrira mugimendua, Adunan

Ostegunean, hilaren 5ean, Herrira mugimendua aurkeztuko dute, Adunan. 20:00etan izango da herriko udaletxean.

Bestetik, pasa den ostiralean azken ostirala izan zen, eta herri ra mugimenduak herriz herriko datuak bildu ditu: Alegia 6, Amezketa15, Anoeta 30, Asteasu 50, Berrobi 6, Berastegi 42, Gaztelu 14, Ibarra 42, Irura 21, Ikaztegieta 10, Leaburu 10, Lizartza 44, Tolosa 60, Amasa-Villabona 72 eta Zizurkil 56. Herri guztietan aldarrikapen bera egin zuten: «Bereziki larritzat jotzen dugu gaixorik dauden euskal preso politikoen presoen egoera. Berandu baino lehen irtenbide bat behar duen auzia da. Egoera berdinean jarraitzeak sufrimendua, Giza Eskubideen urraketa nabarmena eta tragedia besterik ez baitu ekarriko».

Herrira mugimendutik nabarmendu dutenez; «hamalau dira egun gaixotasun larriak pairatzen dituzten euskal presoak. Espetxean jarraituz gero, osasun egoerak okerrera egingo du, gehienak etxetik ehunka kilometrora eta osasun arreta egokirik gabe baitaude».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!