Bioaniztasunetik: Haziak

tolosa 2012ko eka. 27a, 11:50

Bizidunen helburu nagusia da ugaltzea, hau betetzeko energia asko ipintzen dute, eta bizidun bati gerta dakioken txarrena, ugaldu gabe hiltzea da. Ez da harritzekoa, beraz, zenbait ugaltze jokabide konplexuak izatea.

Animalien kasuan jokabide dibertigarriagoak topatzen ditugun arren, landareen munduan ere ugaltzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Landareek badute meritu galanta, izan ere, ez dira mugitzen eta ezin dituzte kumetxoak leku hobeago batera garraiatu.

Zu eta ni bezalako animaliok enbrioi txiki batetik jaiotzen gara. Hazidun landareetan ere antzekoa gertatzen da; hazidunak diot, hazirik gabekoak badaudelako. Landareak urte ederra izan badu, loreak ekoiztu baditu eta lore hauek ernaltzen badira, haziak sortuko ditu. Landare ugariz betetako eremu bateko landare ama bat bagara, eta gure hazia sortzen badugu, ez da ona eremuan bertan gure kumetxoak haztea. Izan ere, inguruan landare handiak daude eta argi gutxi iritsiko zaie. Komeni da haziak ahal den urrunen eramatea. Baina, nola eremango dugu kumea leku hobe batera, ez badugu mugitzeko ahalmenik? Alternatiba oso ona energia berriztagarriak erabiltzea da, adibidez haizea. Horretarako haziek hegan egiteko egituraren bat behar dute; adibide polita astigarren hazi hegalariak dira. Haizearen bidez, modu eraginkorrean hazia beste eremu batera joango da. Hala ere, hau ez da sendabide perfektua, izan ere, haizeak leku okerrago batera eraman dezake hazia. Baina, antzerkigile alegiar batek idatzi zuen moduan: «Arrixka la portuna!».

Beste era bat haziak jaurtitzea da. Haziaren atzeko aldean ura metatuz puxika moduko bat sortzen da eta lehertzean ur zorrotada batek hazia urrutira jaurtikitzen du.

Haziak oso urrun bidaltzeko modu on bat, mugitzen den bizidun baten zerbitzuak kontratatzea da: animaliak. Nola konbentzitu animalia bat, hazia beste eremu batera eramateko? Janari gozoa eskainiz. Ongi etorriak fruituen sorrerara. Landareak elikagai gozo eta zukutsua eskaintzen dio animaliari, fruitua. Animalia gose da eta jan egiten du, barruan dituen haziei kasurik egin gabe. Haziek animaliaren digestio aparatua igarotzen dute, eta gorotzen bidez beste leku batean agertzen dira, gainera ongarri eta guzti! Landare fruitudun eta animalia batzuen harreman hau hain da estua, non zenbait hazi ezin baitira ernatu, animalia baten digestio aparatua igarotzen ez badute.

Baina ez dago beti fruitua ekoiztu beharrik animalien zerbitzuak kontratatzeko, animaliari ezer eskaini gabe ere, lor baititzakegu bere garraio zerbitzuak. Menditik bueltan gatozela ez al zaizkigu gure artilezko galtzerdietan hainbat zuhaisken haziak itsasten? Hazi hauek ez dute fruiturik, baina doako garraio sistema asmatu dute animalien ileetan itsatsiz. Kasu honetan iledun animaliak behar dituzte, ugaztunak.

Zer gertatuko litzaieke landare horien haziei ugaztun iledunak mundutik desagertuko balira? Zeinen estua den bizitzaren haria!

Ikusten duzuenez, landareak ez dira geldirik dauden bizidun aspergarriak, badute nolabaiteko maltzurkeria. Maltzurkeria gutxi duena www.bioaniztasunetik.com web orria da, guztiz doan, jakituria mordoa eskaintzen baitu.

Gainera, zuen zalantzak bioaniztasunetik@hotmail.com helbidera idatziz argitzen ditu. Jarraitu beti bezala idazten, uda badator, eta bada zer ikusi etxetik bi pausora.

Jon Ander Galarraga

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!