Carlo Collodik sortu zuen Pinotxo pertsonaia. Jatorrizko istorioak, ordea, hamaika aldaera izan ditu urteen poderioz. Topic zentroan Ni Pinotxo naiz erakusketa inauguratu dute, haragizkoa izan nahi zuen panpinaren inguruan.
Italiako egunkari batean agertu zen lehenengoz, 1882. urtean, Pinotxo pertsonaia. Carlo Collodik Pinotxoren abenturak liburua argitaratu zuen, egunkarian argitaratutako kapitulu guztiak bilduta, eta horrela munduratu zen, haragi eta hezurrezkoa izan nahi zuen egurrezko panpina.
Topic zentroan, Escalante Centre Teatral taldeak sortutako Ni Pinotxo naiz erakusketa inauguratu berri dute. Antolatzaileen arabera, Collodik XIX. mendean idatzi zuen jatorrizko istoriora hurbiltzea da erakusketaren helburuetako bat.
Ume berezia da Pinotxo, egurrezko txotxongiloa delako, eta bere ametsa hezur eta azalezko ume bat izatea da, modu horretara, gizartean integratuago sentitzeko. «Ikuslego gaztea identifikatua sentituko da, zenbait momentutan, Pinotxok aurre egin beharko dien zenbait arazo eta erabakirekin», diote Topic-eko arduradunek.
Bide honetan, haragizkoa izan nahi zuen Pinotxo panpinaren abenturek, antzerkiaren eta artearen zenbait balore biltzen dituztela nabarmendu dute Topic zentroko arduradunek: «Gurasoekiko harremana, aniztasunak duen aberastasuna, integrazioa, norberak bere izaera bilatzea, heriotza, laguntasuna nahiz fideltasuna biltzen ditu istorioak».
Bisita antzeztuak
Pasa den ostiralean inauguratu zuten Ni Pinotxo naiz erakusketa, eta datorren irailaren 23ra bitarte ikusgai izango da, Topic zentroan, 11:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara.
Erakusketa berriak, ordea, badu berezitasunik. Besteak beste, Escalante Centre Teatralen eskutik, bisita antzeztuez gozatu ahal izango dute bisitariek. Ostiraletan eta larunbatetan izango dira bisita berezi hauek, eta bi euroko prezioa izango dute. Antzerkiaz lagundutako bisitaz gain, museorako sarrera eskuratu nahi dutenek, berriz, 4 euro ordaindu beharko dute, haurren kasuan, eta 5 euro helduen kasuan.
Topic zentroak asteburuetan ezarritako bisita antzeztu hauez gain, beste egun eta ordu batzuetan erakusketa antzerkiaz lagunduta ikusteko aukera ere bada. Horretarako, zentroarekin harremanetan jarri beharko da aurretik, eta taldeek 30 euro ordaindu beharko dute, museoko sarreraz gain.
Aipatzekoa da, Ni Pinotxo naiz erakusketako bisita antzeztuetan, antzezleak testua bisitariaren neurrira moldatuko duela, ikusleek erakusketaz ahalik eta gehien gozatzeko.