Larramendi Kalea Lurperatzearen Aldeko Taldeak larunbatean egindako kontsultaren inguruko balantzea egin du eta emaitzarekin «oso pozik» daudela azaldu du. «Izan ditugun baliabide urriak kontuan hartuta, gure pertsonalak besterik ez, emaitza ezin hobea izan da eta argi geratu da auzoaren iritzia zein den: hitzartuta zegoen urbanizazioa betetzea», esan dute, eta gaineratu: «Eskerrik beroenak bozkaz beraien babesa eskaini diguten guztioi».
Bestalde, taldeak uste du ez zela zertan prozesu guzti honetara iritsi behar «onartutako eta finantzatuta zegoen proiektu bat» baita, eta «guztion denbora, energia eta diru galera besterik ez baitu suposatu», esan dute. «Irabazten atera dena berriro ere enpresa sustatzailea izan da, obra guztian inbertitu beharrekoa beste urtebetez atzeratu baitu horrek dakarren interesekin», zehaztu dute.
Horretaz gain, txosten juridikoa lortzeko ekarpen ekonomikoa egin duten guztiei eskerrak eman dizkiete, eta 2546,82 euro bildu dituztela azaldu dute. Sei Urbanistas abokatu bulegoak egin zuela azaldu dute, «Arruti & Antunez Abogados-ek erantzun baitzuen, eskatutako lana ezingo zutela egin interes kontrajarriak zirela eta».
Txosten juridikoa Interneten zintzilikatu dute, «diru laguntza eskaini duten guztiek eskuragarri izan dezaten», taldeak azaldu duenez. «Bertan argi geratzen denez, bide judizialera jotzeko erabateko eskubidea aitortzen eta aholkatzen zaigu, eskubide urraketa garbia dela eta, bai epetan eta baita urbanizazio exekuzioan ere», gaineratu du lurperatzearen aldeko taldeak.