Etxaburua eta Esnaola izan dira onenak, Tolosan

tolosa 2012ko ekainaren 19a

Tolosan jokatu zen, igandean, Euskal Herriko Sega Txapelketako lehen saioa. Alatzne Etxaburua zizurkildarra eta Igor Esnaola legorretarra izan ziren onenak Iurramendiko belardian. Azkartasuna eta txukuntasuna hartzen dituzte kontuan Almitza elkarteak antolatzen duen sega txapelketa honetan.

Gizonezkoen sailkapenean, Esnaolaren atzetik, Goenaga, Mitxelena, Altzo eta Artzelus sailkatu ziren lehen bost postuetan. 100 metro karratuko sailak moztu behar izan zituzten. Nesken kasuan, Etxaburua, Otamendi, Ainhoa Galarraga, Imaz eta Aloña Galarraga izan ziren lanak bukatu zituzten lehen bost sailkatuak. 23 urtez azpikoen kasuan, mutiletan, Oier Urkola anoetarra izan zen onena, eta nesketan, Ainara Otamendi. 16 urtez azpikoetan lehena, Aimar Garmendia izan zen.

Lehiaketa honetan, puntuaketa sistema erabiliko dute. Bigarren jardunaldia, Etxalekun izango dute segalariek hilaren 23an, 17:30etik aurrera. Azkena, berriz, uztailaren 22an jokatuko dute, Zaldibian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!