http://www.youtube.com/watch?v=WjCIo3TFySE&feature=youtu.be
Tolosako sanjoanak hilaren 22an hasiko dira, baina tolosarrak asteburu honetan jada, jaietarako prestatzen hasteko hamaika aukera dituzte. Gaurko askotariko ekitaldiak prestatu dituzte, eta bihar ere jarduera ugari izango dira.
Gaurkoan Gernikako arbolaren inguruan dauden saskibaloi jokalari gazteek eman diote hasiera ekitaldi sortari. Goiz guztian zehar kuadrillen arteko 3x3 Street Basket Txapelketa jokatuko dute, TAKE saskibaloi klubak antoaltuta. Era berean, musikak ere badu tartea gaurko egitarau oparoan, Herri Musika Tresnen Topaketa ari baitira egiten; dultzaineroak, txalapartariak, albokariak, bibolin jotzaileak, trikitilariak eta dantzariak izango dira egun osoan zehar kalejiran. Trianguloan, gainera, sanjoanetako azoka berezia egiten ari dira, larunbateroko azokak gain. Eta arratsaldean, Usabal kiroldegian, igeriketa probak eta San Joan Eskubaloi Sariko finalak izango dira jokoan. 19:00etan, Berdura plazan, Sagardo Eguna izango da, Batasun elkartearen eskutik, eta bukatzeko, 20:00etan, Jesuitinetako elizan, Hodeiertz abesbatzaren emanaldia izango da.
Biharkoari dagokionez, 10:00etan, xake partidak izango dira, kultur etxean; futboleko Elkartasun Txapelketa, Usabalen, ordu berean; 11:00etatik aurrera, Iurreamendiko zelaian Euskal Herriko IV. Bakarkako Sega Txapelketako lehen saioa ikusi ahal izango da; 12:00etan kultur etxeko dantza tailerreko ikasleen ikasturte amaierako emanaldia; eta 19:00etan, Hodei Truk abesbatzaren kontzertua, Berdura plazan.