Hodeiertz abesbatzako lau kidek jarri zuten martxan orain 25 urte Hodeiertz Txiki abesbatza. Hortik gutxira David Azurzak hartu zuen zuzendaritza eta gaur egun ere berak jarraitzen du. Haur abesbatza izenez aldatzen joan da eta egun Hodei Truk izena du. Hodeiertz abesbatzaren harrobia da, eta Azurzak azaldu duenez, taldearen helburua «kantuaren gustua eta plazerra zabaltzea» da.
Haur abesbatza bat zuzentzea helduenarekin alderatuta, antolakuntza aldetik lan gehiago eskatzen duela dio zuzendariak. Bestalde, bere meritua du hainbeste urtez abesbatza mantentzeak. «Ohikoena haur abesbatzek hamar urte inguruko zikloak izatea da, eta horren ondoren abesbatza desegitea», dio Azurzak.
Urte hauetan guztietan hainbat ekimen eta kontzertu eman dituzte. «Beti saiatu gara irteerak eta elkartrukeak egiten, eta urtero zerbait berezia egiten saiatzen gara», esan du zuzendariak. Bartzelonan, Torreviejan lau edo bost urtez izan dira, Ciudad Realera ere joan ziren iaz...
Diskoak ere grabatu dituzte Hodei Truk abesbatzakoek. Aurten Altzoko Haundia, txikien opera grabatu du taldeak, baina aurretik beste bi egin zituzten. 2001ean Horra Mari eta 2004ean Zenbat kantu izeneko diskoak grabatu zituzten. Bestalde, Oh Happy Day telebista programan parte hartzea ere berezia izan zela azaldu du Azurzak. «Nik uste dut garrantzitsua dela haur koruen ikuspegi berri bat ematea», dio zuzendariak. Izan ere, Azurzak dioenez, beste hainbat haur abesbatzek Hodei Truk erreferentzi gisa hartzen dute, «ideia berriak egiteko eta errepertorioaren aldetik».
Urte lanpetua
Urteurrena izaki, aurten ez dira geldirik egon Hodei Trukekoak. Zorroaga fundazioak antolatutako abesbatza zikloan parte hartu zuten. Torreviejan ere parte hartu dute 18. Habaneren Nazioarteko Lehiaketan. Bestalde, «lan handia» suposatu duen Altzoko Haundia, txikien opera obra grabatu dute.
Aurrera begira, urrian bi emanaldi izango dituzte. Batetik, Tolosako Abesbatza Lehiaketaren aurretik izaten den topaketan parte hartuko dute. Bestetik, Durangon izango dira, txistularien alarde batean koru gonbidatu gisa parte hartuko dute, eta zenbait obra estreinatuko dituzte, tartean Azurzak berak egindako bat.
Horrez gain, urtea bukatu baino lehen, Hurkus errementeria obra Tolosan interpretatzeko asmoa dute. Obra horren musika Azurzak konposatu du eta testua Iturraldek idatzi du.
Oraingoz, igandeko kontzertua dute aurretik eta 25 urte hauetan abesbatzako kide izan direnak bildu nahi dituzte. Emanaldiko azken partean abestu nahi dutenek 649 70 12 51 telefono zenbakira deitu dezakete. Kontzertuaren ondoren askaria egingo dute talde guztietako partaideek.
Hägerstens Chamber Choir suediarrak eta Hodeiertz, kontzertuan
Hodeiertz Abesbatzak Hägerstens Chamber Choir abesbatza suediarrarekin batera kontzertua eskainiko dute Hirukide Jesuitinak ikastetxeko elizan, bihar, 20:00etan. Kerstin Börjeson zuzendariak sortu zuen 1995ean sona handia duen abesbatza suediarra. Abesbatza horrek kontzertu asko ematen ditu Suedia barnean eta baita bere herrialdetik kanpo ere. Hägerstens Chamber Choir abesbatzak disko ugari grabatu ditu eta askotan Suediako irrati publikoaren laguntzailea izan da.
Abesbatza suediarraren egitaraua iparraldeko musikaz beteta dago. Bere aldetik, Hodeiertz abesbatzaren egitarauan gaurko musika izango da nagusi. Abesbatza bakoitzak bere emanaldia bukatu ondoren, elkartu eta lau obra eskandinaviar eskainiko
dituzte.