Hondakinak berrerabiltzeko objektu bilakatzeko, Berrerabilgunea martxan

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko ekainaren 6a

Tolosako San Blas garbigunean, Berrerabilgunea ireki berri dute gaur goizean. Bertan, jasotzen dituzten hainbat objekturi "bigarren aukera" eman nahi diete modu honetara, hiri-hondakinen prebentzioa bultzatuz.

Horretarako, erakusleiho moduko bat jarri dute. Bertan, eskuragarri dauden objektuak ikusi ahal izango dira, bi taldetan sailkatuta: batean, objektu eta etxe-tresna elektriko handiak izango dira, eta bestean, berriz, objektu, jostailu eta etxe-tresna txikiagoak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Ahalduna den Juan Carlos Alduntzinek, Tolosaldeko Mankomunitateko herri guztiak zoriondu ditu aurkezpen ekitaldian: "Europa markatzen ari den ingurumenaren zaintzan, urrats bat gehiago da hau, eta estrategia eraginkorragoa martxan jartzen ari gara pixkanaka".

Ibai Iriarte Tolosako alkateak, bere aldetik, "zerbitzu berri hau erantzukizunez" erabiltzeko deia egin die herritarrei, eta "hondakin hoberena sortzen ez dena" dela nabarmendu du. Bide beretik, Ainhoa Ugaldek, Irurako alkateak eta Mankomunitateko lehendakariak, eskerrak eman nahi izan dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Berrerabilgunearen proiektua aurrera ateratzeko eskainitako laguntzagatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!