Emakumeen doinuak irudietan izoztuta

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko maiatzaren 30a

Euskal Herriko musika taldeetan zenbat emakume daude? Galdera honek eragindako hutsunea du oinarrian, datorren ekainaren 16ra bitarte, Aranburu jauregian ikusgai izango den Emarock erakusketak.

Pasa den maiatzaren 24an aurkeztu zuten egitasmoa, eta erakusketa 2010ean hasi zen proiektu baten abiapuntua besterik ez dela izango nabarmendu zuen, Emarock elkarteko Saioa Cabañasek. Horrela beraz, Aranburu jauregiko erakusketa alde fisikoena izango da; Amaia Zubiriaren argazkiekin hasi, eta Lain taldeko emakume gazteetara iritsi arte, hainbat emakume musikariren argazkiak zintzilikatu dituzte Aranburuko hormetan.

Erakusketaren bidelaguna, ordea, www.emarock.com webgunea izango da; proiektuaren inguruko informazio osoa eskuragarri izango da bertan, eta emakume musikarien webgune bilakatu nahi dute antolatzaileek. Honen harira, aipatzekoa da, kontaktuen saila sortuko dutela, emakume musikariek elkar ezagutu eta proiektu berrietan parte har dezaten.

Emarock egitasmoa interesgarri suertatzen zaion edonork, bere laguntza emateko aukera ere izango du, honako kontu korrontean ahal duen ekarpena eginez: 3035 0345 33 3451011977.

Emakumeen begietatik

Emakumeak izango dira, Aranburu jauregian, argazkietako protagonistak. Erretratuen atzeko kameren objektiboak ere, emakumeen begiek gidatutakoak izan dira, ordea. Horrela beraz, ia argazki guztiak Saioa Cabañas Gauilunak bilbotarrarenak dira, eta beste batzuk Naiara Olaia tolosarrak ateratakoak dira. «Proiektu osoa emakumeen ikuspegitik gauzatu nahi izan dugu; hori bai, gizonezkoei ez dizkiegu ateak itxi nahi».

Azkenik, musikarien ahotsak ere plazaratu nahi izan ditu Emarock elkarteak, eta 15 emakumek beren iritziak azaldu dituzte dokumental batean, elkarrizketen bidez: Zea mays, Humus, Lain edo Gose taldeetako emakumeek parte hartuko dute. Ikusleak hausnarketara bultzatzea beren helbururik behinenetakoa dela azpimarratu zuten aurkezpenean: «Ez diegu iritzi jakin bat eman nahi; egoera zein den deskribatuz, hausnarketarako bidea ireki nahi dugu».

Ekainaren 16ra bitarte Tolosan ikusgai izango den arren, erakusketa ibiltaria izango da, eta irailean Gernikan egingo dute Bizkaiko aurkezpena. «Tolosan musikarien mugimendu handia dago, eta Bonbereneak zerikusi handia du horretan; Euskal Herriko ia musikari guztiak pasatzen dira hemendik, eta horregatik aukeratu genuen Tolosa. Lekua, gainera, oso handia da erakusketa egiteko», azaldu zuen Cabañasek.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!