«Giro ederrean» ospatu dute beren eguna 65 emakume pilotarik

tolosa 2012ko maiatzaren 29a

Emakumea Pilotari Eguna ospatu zuten larunbatean, Tolosako Uzturpe pilotalekuan. «Giro polita izan zen, eta oso ondo pasa genuen», azaldu du Maider Mendizabal antolatzaileak egunaren balantzea egiterakoan.

Urtean zehar paleta ikastaroan parte hartzen duten emakumeei zuzenduriko festa da, eta bertan, Gipuzkoako Txapelketa Herrikoieko azken fasea jokatu zuten. Aurtengoan, Zarautz eta Hernaniko bikoteak iritsi ziren finalera, eta Zarauzko bikotearentzat izan zen txapela. «Oso partida ona jokatu zuten. Maila oso oneko bikoteak dira, eta pilotakada askoko partida izan zen. Hernanikoek huts batzuk egin zituzten, eta azkenean Zarauzko bikotea nagusitu zen», adierazi du Mendizabalek.

Gipuzkoako bederatzi herritako ordezkaritza izan zen txapelketan: Azkoitia, Donostia, Hernani, Oiartzun, Tolosa, Usurbil, Villabona, Zarautz eta Zizurkil. Emakumea Pilotari Egunean guztira 65 emakumek hartu zuten parte. Herri horiei Ibarrakoa ere gehitu zitzaien.

Nahiz eta txapelketa herrikoia jokatu, pilota saio jendetsua antolatzen dute egun horretarako. Elkartzen diren emakume guztiak jokatzen dute paletarekin. Txapelketan, berriz, paleta ikastaroa egiten ari diren herri bakoitzeko bikote txapeldunek jokatzen dute.

Lagun arteko bazkaria

Antolatzaileek egun ederra izan zela nabarmendu dute. 10:00etarako herri guztietako emakumeak Tolosako pilotalekuan elkartu ziren. Jarraian, txapelketan parte hartu behar zuten bederatzi pilotari bikoteek beroketak egiten hasteko ordua izan zuten. 10:30ean ekin zieten partidei. 12:00ak bitartean jokatu zituzten lehen kanporaketak. Aurtengoa Emakumezkoen Gipuzkoako V. Txapelketa Herrikoia zen. Bederatzi bikote aritu ziren nor baino nor, eta kanporaketa guztiak pasa eta gero, 14:00ak aldera jokatu zuten finala.

Behin finala jokatuta, sari banaketa egin zuten. Eta ohiturari jarraituz, talde osoaren argazkia ere atera zuten. Dutxa eder bat hartu ostean, emakume guztiak mahaiaren bueltan elkartu ziren bazkaltzeko. Giro ezin hobean pasatu zuten eguna, eta bazkal ostean, dantzaldia ere izan zuten bertaratuko guztiek. Egunari amaiera 19:00ak aldera eman zioten pilotariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!