Umorez eta kemenez jantzitako artaldea

tolosa 2012ko mai. 27a, 22:24

Urduritasuna eta ikusmina. Horixe sortzen dute XIV Orduek, eta hori nabari zen goizeko bostak jotzear ziren une horretan, umore onarekin batera. Bateko zein besteko koadrilen artean barrea eta poza baitzen nagusi. Anjel Alkain eta konpainia probaren aitzakian egiten ari ziren grabaketak sortuak irri horietako batzuk. Bada, hauek euren lana bukatzearekin batera hasi dira mendizaleak ibilian. Bostak eta bost minutu ziren, eta Aralarko mendietan barna 68 kilometroko bidea 14 ordutan egiteko erronka zuten aurretik.

Parte hartzaileen artean, denetarik. Hamabost urteko gaztetxoenetik hasi eta 77 urte bitarteko helduetaraino. Eta, adinaren kasuan bezala, kolorean ere bazegoen aniztasuna, senegaldar jatorriko mendizaleak jarritakoa, esaterako. Edota, itxuran. Baziren goitik behera prestaturik zihoazenak, eta baita kaleko arropaz jantzi direnak. Baziren, halaber, euren koloreak edo aldarrikapenak soinean zeramatzatenak, athleticeko elastikoa, ikurrina edota euskal presoen aldeko ikurrarekin zihoazenak kasu.

Ilunpeko freskuran eman dituzte lehen pausoak, eta Gorritira iristerako eguzki printzek egin dute agerpena. Artean, lehen zatia baino ez dute gainditu, eta gorputza fresko zuten arren, askoren ahotan errepikatzen zen gogoeta bera: «Ikusiko diagu San Migelera nola ailegatzen gaituken!». Hala ere, ibilaldia lasaitasunez hartzen dutenen aldean, erlojupeko proba bailitzan lasterka egiten dutenak ere ez dira gutxi izan.

Lekunberrira iritsi, eta lehen arazoak sumatzen hasi dira mendizaleen oinak. San Migelera iristean baliatu dute atseden pixka bat hartzeko, zer edo zer jatearekin batera. Aurrekoetan bezala, senideen, lagunen eta zaleen artean jende ugari bildu da bertan, eta, parte hartzaileek eskertu dute babes hori.

Erdia baino ez da geratzen

Bidearen erdia geratzen zitzaion bi mila buruz osaturiko artalde luzeari. Zatirik ederrena zuten zain, Minetako maldara iritsi bitarteko alfonbra orlegia. Bada, hainbeste kilometro egin ostean, eta dagoeneko gorputzaren nekea eta sufrimendua gutxi ez eta, belaunentzat zatirik latzena den bidezidorretik egin behar zuten Amezketarako bidea.

Hara iristea ia erronka gainditutzat ematea da askorentzat. Badira, baina, Amezketan proba bertan behera uzten dutenak. Kilometro eta ordu asko dira bizkar gainean, eta ez da erraza gorputza eta buruaren oreka mantentzea. Gehienak, ordea, azken txanpan indarberritu egiten dira, besteak beste, Alegiako garagardoak lagunduta.

Irteera puntuko arpegi alaiak Berazubiko helmugan errepikatu dira. Eta datorren proban, hau da, lau urte barru, berriro egiteko desioa azaldu dute gehienek. Irrika piztu dionak bada, hark ere izango lekua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!