«Baba osoa badu, aurrera jarraitzeko ziztatu eta desinfektatu egiten dugu»

tolosa 2012ko maiatzaren 27a

[/caption]

Elena Vidales Goitia tolosarra San Migeleko Gurutze Gorriaren postuan izan da osasun tekniko gisa mendizaleak artatzen.

Noiztik zaude San Migeleko postuan?

Goizeko hamarretan iritsi gara, muntatu dugu denda eta ordutik aurrera hasi gara lanean.

Nola etorri zaizue jendea Gurutze Gorriko dendara?

Hasieran jendea orokorrean oso ondo etorri da. Etorri direnak pixka bat minberatuta zeuden, kontrakturaren bat edo, eta lasaigarria eman zaio. Baten bati masajea ere eman zaio, muskulu bikiak igo zaizkiolako. Jende gehiena etorri da batez ere babekin eta oinak egosita zituela.

Babei eta oina egosita dituztenei zer tratamendu ematen diozue?

Baba osoa baldin badauka, jarraitu ahal izateko, baba ziztatu, likidoa atera, desinfektatu, eta gero esparatrapuarekin bildu eta baselina ematen diogu.

Zerbait larririk izan duzue?

Orain arte [14:00] izan dugun kasurik larriena pertsona bati digestioa moztu egin zaiola izan da. Tentsio baxuarekin etorri da. Medikuak ikusi du eta frogak egin dizkiote: elektroa, tentsioa hartu, azukrea begiratu... Tratamendua eman dio eta probatik erretiratu egin da.

Zenbatek osatzen duzue Gurutze Gorriko taldea?

San Migelen mediku bat, bi erizain eta sei osasun tekniko gaude. Denak gara boluntarioak. Gero, dena jasotzen dugunean, hemendik Berazubira joango gara, eta han berriz muntatuko dugu denda eta dena prest uzten dugu jendea iristen denerako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!