2.354 lagun aterako dira igandean XIV Orduak egiteko

tolosa 2012ko maiatzaren 25a

Iristear da egun handia. Igande goizaldean aterako dira Tolosako Berazubitik milaka lagun XIV Orduak egiteko. Guztira 2.354 lagunek hartuko dute parte.

Tolosatik, 05:00etan hasiko dira mendizaleak ateratzen, eta Ulitik 2 ordu pasatxo inguru igarota pasako dira. Gorritira, 18,7 kilometro eginda iritsiko dira 3 ordutara, gutxi gorabehera. Ondoren, Lekunberrira iritsiko dira eta 5 ordu eta 15 minutu inguruan igaroko dira. San Migelerako bidea hartuko dute, eta bertara iristeko ia 8 ordu beharko dituzte. Igaratzara, berriz, 47,3 kilometro eginda iritsiko dira ia 10 ordutan. Amezketara, 12 ordu inguru ibilita iritsiko dira, eta Tolosara, 68,5 kilometro eginda iritsiko dira, 14 orduak pasata.

Garraio publikoa jarri dute Amezketara autobusean joateko. Autoak pilatzea ekidin nahi dute antolatzaileek. Tolosatik lehen autobusa 15:00etan abiatuko da, eta hortik aurrera orduerdiro aterako da. Zezen plazatik aterako dira. Bueltarako, berriz, Amezketatik azken autobusa 21:30ean irtengo da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!