Hasi dira bilerak eta bisita gidatuak Larramendi auzoan

Imanol Garcia Landa 2012ko maiatzaren 22a

Tolosako Larramendi auzoko parte hartze prozesuaren lehen bilera eta bisita gidatua egin dute gaur goizean. Parte hartzearen aholkulariez gain, udal arkitektoa eta teknikariak ere izan dira bertan, eta beste bileretan ere parte hartuko dute, bertara joaten diren auzotarrei azalpenak emateko.

Arkaute etxean egin da bilera, eta lehenbizi bertan izan direnen iritziak jaso dira, bi galderei erantzunez. Alde batetik, zer espero duen parte hartze prozesutik, eta, bestetik, auzotik zer atsegin duen gehien. Galdera horiek lehen iritzi eta kezkak azaltzeko hizpide izan da. Besteak beste, parte hartze prozesuak auzotarrak informazio gehiago jasotzeko, hartzen den erabakia gero ez dadila arazo iturri izan, jendea aktibatzeko balio dezala espero dute herritarrek eta teknikariek. Auzoren gustuko ezaugarriei buruz, gauzak egiteko duen potentzialtasuna, Arkaute ingurunea edota Santa Luziara eta Uzturre aldera duen hurbiltasuna aipatu dituzte.

Arkaute etxeko bileraren ostean, egin dute bisita gidatua. Dagoeneko Larramendi errepidean marraztuta dauden marren azalpena eman dute udal teknikariek. Hala, marra gorriarekin, bi ertzetan borobilak dituena, lurperatzearen zuloek hartuko luketen espazioa zehaztuta dago. Arkaute parkearen parean beste lauki zuzen handi bat dago gorriz marraztuta; espazio hori, lurperatzea ez bada egiten, oinezkoen eta autoen arteko koesistentzia gunea erakusten du. Lauki zuzen horren zabalera hartuko luke lurperatzea eginez gero gainean geratuko den plazan oinezkoentzat bakarrik izango zen espazioa.

Auzoaren lehenengo urbanizazioa zegoen aldean, hau da, Txosne okidengia dagoen espaloian, beste marra batzuk marraztu dituzte, A proiektuari eta B proiektuari dagozkienak. A proiektua lurperatzea duena da eta B proiektua lurperatzerik ez duena. Marraztutako marren koloreak esanahi berdina dute: horiak espaloia noraino iritsiko den erakusten du; grisak koesistentziako errepidea; eta gorriak autoen aparkalekuak hartuko luketen espazioa zehazten du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!