Tolosako Emeterio Arrese plaza Palestinari elkartasuna adierazteko gunea bihurtu da gaur, beste behin. Orain urte batzuk olibondoak landatu zituzten eta oroigarri bat jarri zuten. Gaurkoan, mosaiko bat jarri dute, Palestinarren Nakba eguna oroitzen duena, hau da, 1946 eta 1948 urteen artean palestinarrek pairatu zuten exodoa. Mosaikoa Samia Shanan palestinarrak eskaini dio Tolosako herriari eta bera ere ekitaldian izan da. Udal ordezkariak, Ibai Iriarte alkatea eta Jokin Azkue zinegotzia, ekitaldia antolatu duten Biladi elkarteko kideak eta arabe-musulmanen komunitateko kideak izan dira ekitaldian, besteak beste.