Museoen Nazioarteko Eguna dela eta hainbat ekitaldi antolatu dira eskualdean. Horrekin batera lehen aldia da Tolosaldea Gau Zuria ospatzen dela eta jendearen harrera "ezin hobea" izan da, Tolosaldea Garatzenetik azaldu dutenez. "Datorren urtean berriro ere antolatzeko animoak eman dizkigu honek", gaineratu dute. Gorrotxategi museoa eta Topic zentroko museoa jendez gainezka egon direla esan dute. Gorrotxategin txokolate zuria bukatu egin da, eta, bestalde, Tolosaldea Tour-ek antolaturiko gaueko bisita gidatuan 60 pertsonatik gora joan dira. "Tamalez, eguraldi txarragatik, Larraitzeko Mariren Zuhaiztia ezin izan dute ireki baina beste ekintzak arrakasta itzela izan dute", esan dute antolatzaileek.