Bermudez, mendizaletasunaren ilusioa

tolosa 2012ko mai. 17a, 09:38

Miguel Angel Bermudez (Tolosa,  1949) ezaguna da Tolosaldean bere lanbideagatik (fruitu saltzailea) eta bere inauterizaletasunagatik, batez ere. Baina mendizaletasuna ere afizio handienetakoa izan du bere bizitzan zehar eta XIV Orduak probarekin harreman handia izan du, parte-hartzaile gisa eta fruitu zein barazki hornitzaile gisa.

Lagunartean hasi zen Bermudez mendira joaten. Berehala Alpino Uzturre mendi elkartean sartu eta hasi ziren mendi eta eskalatze irteerak egiten. Pirinioetara egindako autobus irteerak gogoan ditu, lehen hiru milakoak orduan egin baitzituen. Emaztea ere (Mari Karmen Etxedona, eskalatzen hil zen Angelen arreba) Alpinon ezagutu zuen: «Orduan mendi taldeak ezkontza bulegoak   ziren». Eskalatzen berriz, gero Naranco de Bulnesen hil ziren Ramon Ortiz eta Patxi Berrio, Jaito Azpiroz, Juan Antonio Tatxuela edo Remache Navas, Sagredo, Javier Miralles… izan zituen lagun.

Lehen XIV Orduak ibilaldia 1967an egin zuen Miguel Pelu  Garcia eta Inaxio Koeti Zuriarrain lagunekin. «Elkarrekin ibiltzen ginen asko. Pelu zaldia bezalakoa zen mendian. Leaburuko aldapa errespetatzen zuen. San Sebastian ermitatik aurrera erretzen hasten zen», dio. Koeti hil zenean Ina Alberdirekin hasi zen mendian ibiltzen. Hainbat ediziotan atera izan da eta beste batzuetan, jaunartzeak eta tokatu zaizkionean, aurreko edo ondorengo asteburuetan egin izan du. Azkena 2000n egin zuen, alabekin. «Seme-alabak oso gazterik atera ziren nirekin, 15 urterekin eta», aipatu du. Ibilaldia prestatzeko, proba bi zatitan edo ibilaldiaren zati desberdinak egiten zituztela nabarmendu du.

«Ibilaldi hau berezia da, normaletik kanpo ateratzen da. Horregatik du arrakasta. Mendizale ez den jende asko erakartzen du, erdia baino gehiago halakoa dela esango nuke», aipatu du. Gero eta asfalto eta zementu gehiago duela esaten du, hasierako edizioekin konparatuta, horregatik mendi zatiak ditu gustukoen: Ata harana, Musaio, Aralar, Uli… Antolakuntzak korri egiten duen jendea geldiarazi beharko lukeela uste du, «lehen orduak oso garrantzitsuak direlako eta haiek ikusita besteek gehiago behartu eta sufritu egiten dutelako».

Fruitu eta barazki hornitzaile

Fruitu eta barazki hornitzaile gisa hasi zen 70eko hamarkadan eta hala jarraitzen du. «Alaba txikiak zirela joaten nintzen furgoneta hartuta, kanpin mahai txiki batean laranjak eta tomateak jarriz. 1984ean hotz handia egin zuen. Eskuak limoiarengatik zartatuta bukatu nuen», gogoratzen du Mari Karmen Etxedona emazteak. Orduan launa kutxarekin nahikoa omen zen, jende gutxi izaten zelako. «Beti esaten diet antolatzaileei janari gutxiago eman behar dutela, mendizaleak behar duena motxilan eman behar duela beti, baina nire errua dela erantzuten didate, ni hasi nintzelako ematen», aitortu du mendizaleak.

«Behin botatako fruitu azalak eta jasotzen ari ginela, bukaeran, Gurutze Gorrikoek ere alde eginda, ahotsak entzun genituen. Bizkaitar batzuk ziren, erdi galduta eta ez zuten Aralar ezagutzen. Eskerrak han aurkitu gintuzten. Bati zapatilak utzi, besteari galtzerdiak... Oinutsik etorri nintzen kotxea gidatzen», dio emazteak. «Kanpotik atera zen lehena katalan bat izan zen, Sant Cugat del Vallesekoa. Dendan azaldu zen galdezka larunbat batean, erakusleihoan argazkiak eta ikusita. Gure etxean egin zuen lo, Anoetan bizi ginela eta etxea hankaz gora genuela obretan geundelako, eta atera zen ibilaldian», gogoratu dute biek.

Lau urtez behin, proba iristen denean bere fruitu dendako erakusleihoa argazki eta bestelako motiboekin apaintzea gustatzen zaio. «Aurten urte askorekin egin duen jendea izan dut gogoan: Xebe Peña, Joxe Albero, Ines Lasa… Eta gazteak ere bai, nire seme-alabak eta lagunak», dio.

Jarraitzen du mendira joaten eta udan Pirinioetara. «Piedrafitako babeslekukoekin harreman handia dugu, gure laguna Ramon inguruan hil zenetik, batez ere. Asko lagundu ziguten orduan», dio. «Proban ateratzeko txirrindua neukan, baina 5-6 orduz ondo ibiltzen naiz eta belauna gehiago behartzen badut kalterako izan daiteke», bukatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!