Hitzaldi ziklo batean nengoela, sorbeltz baten irudia ipini nuen nere ordenagailutik gelako paretean. Hura zer ote zen galdetu nien hamalau bat urteko ikasle haiei. Inork ez zuen erantzuten eta isilune baten ostean gelako bertsolariak, «txorie!» esan zuen irribarrez. Ez zebilen gezurretan. Bai, sorbeltza txori bat da, baina baita oiloa, arrano beltza, ostruka eta hormatxoria ere. Baina goazen txori hitza albo batera uztera, eta dei diezaiegun hegazti, baditugu gurean hauetako mordoa eta.
Luma duten animalia bakarrak ditugu hegaztiak. Lumak, hasieran behintzat, ez ziren hegan egiteko asmatu, beroa kontserbatzeko baizik. Hegaztiak eta ugaztunak gara gorputzean beroa sortzeko gai garen animalia bakarrak eta bero hau sortzea oso garestia zaigu, horregatik, gure azala isolatu egin behar dugu nolabait.
Gorputza isolatzeko, ugaztunok ilea asmatu genuen eta hegaztien ahaide urrunek, lumak. Ahaide urrun haiek bi hankako dinosauru ertainak ziren, eta dinosauru berezi hauek lumez estalita omen zuten azala. Baina luma hau ez zen gaur egungo belatz edo arrano batek duen luma, txitoek duten ile formako luma baizik, beroa gordetzeko egina, eta noski, hegan egiteko ez zuen balio.
Milioika urte geroago, dinosauro hauetako batek zuhaitz baten puntara igo eta beste zuhaitz baten puntara salto egiteko ideia zoroa izan zuen. Lumek jauzi handi honetan planeatzen lagundu zioten eta dirudienez, arrakasta izan zuen, bere ondorengoek hegan egiteko abilezia lortu baitzuten geroago. Zoroek irekitzen omen dituzte geroago jakintsuek jarraituko dituzten bideak... hori bai egia borobila!
Behin hegan egiteko lumak asmatu zirenean, hegaztien festa etorri zen, izan ere zeruan animalia guxti bizi zen eta hegaztiak zeruko errege egin ziren, gaur egun ditugun hegazti mota ugari sortuz. Hegazti jaio berriek, ordea, beroa gordetzeko, arbasoek lehenik asmatu zuten luma iletsua dute, hazi ahala luma berezi hau, hegan egiteko lumez ordezkatzen da.
Lumaren mundua perfekzionatuz joan da, luma batzuk hegaldian mugimendu azkarrak egiteko dira. Beste luma batzuk ordea, gaueko ehiztarienak dira, adibidez hontza zuria bezalakoenak. Gaueko hegazti ehiztariek oso isilik ehizatu behar dute, beren biktima gautarrek oso entzumen ona izaten baitute. Hontz zuri batek hegan egitean ez du uso batek egiten duen flap-flap zarata egiten, guztiz isila da bere hegaldia, dituen luma bereziei esker.
Hala ere, zelebreena, hegan egiteari utzi dioten hegaztietan ikusten da: ostruka, ñamdua, kiwia... Hauek hegan egiteari utzi eta lurreko bizitzara egokitu ziren, hanka luzeak garatuz eta korrikalari bikainak bihurtuz. Ostruka baten oinak antza handia du zaldi baten oinarekin! Lumak ere, nahiko zelebreak dira, ugaztunen ilearen antza handia dute, ez baitira hegan egiteko erabiltzen, beroa gordetzeko baizik. Eta zelebrekeriak ez dira hemen amaitu; bada hegan egitea ahaztu eta igerilari bihurtu den hegaztirik: pinguinoak. Beren lumak, txikiak eta ugariak dira, arrainen ezkaten antza handia dute eta noski, ez dute hegan egiteko balio, igerian egiteko baizik.
Espero dut, zutabe xume honen irakurleek aurrerantzean txoriei hegazti deitzea eta gure artean ditugun xoxo, txolarre, buztanikara zuri, ubarroi eta bestelakoak ezagutzen hastea! Eta zutabe honetan idatzitako oro berrirakurri nahi duenak, www.bioaniztasunetik.comen du guztia. Ekokulturari buruzko albisteak, berriz, Twittereko orrian ipiniko ditugu. Ez ahaztu bioaniztasunetik@hotmailera idazten jarraitzea eta izan hegaldi ona!