Maiatzaren 27an ospatuko dute, aurten, XIV Orduak mendi ibilaldia, eta eguna girotze aldera, sei hizlarirekin mahai ingurua izan zen herenegun, Tolosako kultur etxean, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariak antolatuta.
Joxemi Saizarrek aurkeztutako hitzaldia, 20:00etan hasi zen, eta http://tolosa.hitza.info webgunearen bidez zuzenean jarraitzeko aukera ere izan zen. Sei hizlari aritu ziren, mendizaleen olinpiada izaten den egunari buruz hizketan, ikuspegi anitzetatik.
Aralarko Adiskideak elkarte antolatzaileko Jon Ormazabalek hitz egin zuen, lehenengo, eta hainbat datu historiko eskaintzeaz gain, aurten ibilbidean egin dituzten aldaketa txikiez aritu zen. Nekane Tolosa, berriz, mendizale moduan aritu zen, afizioz parte hartzen nola hasi zen kontatuz.
Demetrio Bengoak ere, bere esperientzia baliatu zuen hizketarako, 10 aldiz parte hartu baitu proban. Alberto Luengo biologoak, duela 12 urte ibilbidearen inguruan egindako azterketa biologiko-geologikoa izan zuen hizpide, eta Hur Lertxundi medikuak, XIV Orduak burutzeko hainbat gomendio eman zituen. Maddi Bengoetxea, berriz, iraupen luzeko ibilaldiez aritu zen.
Hizlariak
Jon Ormazabal, Aralarko Adiskideak elkarteko kidea
«Aurten aldaketa txiki bat egin dugu ibilbidean, bi arrazoirengatik: segurtasunagatik, eta ahalik eta errepide gutxien izateagatik. Lekunberrira sartzeko Plazaolako trenbidea hartuko dute mendizaleek».
Nekane Tolosa, Mendizalea
«Gaztetan, hainbeste jende Amezketatik pasatzen ikusteak izugarrizko ikusmina sortzen zigun, izugarria zen guretzat. Gaztetan parte hartzeko aukerarik ez, eta 44 urterekin irten nintzen lehenengoz XIV Orduak mendi ibilaldian».
Alberto Luengo, Biologoa
«Lurzorua, fauna, flora eta hondakinak aztertu nituen ibilaldian zehar eta ondoren, eta XIV Orduak probak ez du eraginik ingurumenean; horren giltza zein den? Lau urtez behin bakarrik egiten den proba dela».
Maddi Bengoetxea, Aizkari mendi elkarteko kidea
«Duela urte batzuk, iraupen luzeko ibilaldietan 200 edo 300 lagunek parte hartzea arrakasta zen. Gaur egun, guk antolatzen dugun martxan, 1.000 lagun izaten dira urtero, gutxi gorabehera».
Hur Lertxundi, Medikua
«Gomendio berririk ezin da eman. Argi dago gorputza prestatu behar dela, eta elikadura zaindu egin behar dela aurretik, bitartean eta ondoren. Baina horrez gain, burua ere prestatu egin behar da 14 orduko proba bat jasateko».
Demetrio Bengoa, Mendizalea
«Gazteak ginenean astakeriak egiten genituen. Astean zehar ez genuen mendirako denborarik izaten, lana besterik ez zelako; grina, ordea, betidanik izan dut mendirako, eta 30 urterekin hasi nintzen proba luzeetan».