Herritarrei begirako XI. duatloia izango da, Javier Urkolaren omenez

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko mai. 8a, 07:41

«Parte hartzaile mota zabal batengana» iristeko helburuz, XI. Duatloi Herrikoia antolatu du Tolosaldeko Triatloi Taldeak Tolosan, Javier Urkolaren omenez.

Larunbat honetan izango da proba, maiatzaren 12an. Plaza Berrian jarriko dute boxes gunea: bertan bilduko dira parte hartzaileak irten aurretik; bertan beteko dituzte izen-emateak; bertan utziko dituzte bizikletak eta arropa korrika abiatu aurretik; bertan amaituko dute bigarren eta azken korrika saioa ere. Hitz batean, «duatloiaren ardatza» izango da boxes gunea.

1996. urtean errepide istripuz hil zen Javier Urkolaren omenez sortu zen Tolosako duatloia. 1997tik 2002. urtera arte, etenik gabe ospatu zen proba, eta eten baten ondoren, 2008an Tolosaldea Triatloi Taldeak berriro hartu zuen duatloia antolatzearen ardura.

Hasiera hasieratik, proban ahalik eta herritar gehienek parte hartzea izan da antolatzaileen helburua, eta lehiaren zentzua alde batera utzi nahi izan dute. Horrela beraz, ibilbidea erabat laua izango da aurten ere, eta distantziak «samurrak». Hasteko, bi kilometroko korrika saioa egingo dute Alde Zaharrean barren, eta jarraian, bizikleta hartu eta Tolosatik Anoetarainoko joan-etorrian 15 kilometro osatuko dituzte parte hartzaileek. Amaitzeko, beste bi kilometro osatu beharko dituzte lasterka.

Gaztetxoenek ere, duatloia gertutik ezagutzeko aukera izango dute, Duatloi Festarekin. Horrela, 10 urtera bitarteko gaztetxoek ibilbidea egin ahal izango dute: Plaza Berria, Arostegieta kalea, Atadi kalea, Errementari kalea eta Plaza Berria. Ibilbide hau hiru aldiz burutu beharko dute: korrika lehenik, bizikletarekin gero, eta korrika amaitzeko.

Larunbatean, 16:00etan hasiko da Javier Urkolaren omenezko XI. duatloia, gaztetxoenen probarekin.

Helduek berriz, 16:30ak arte izango dute izena emateko aukera, Plaza Berrian, 17:00etan probarekin hasteko. Duatloian bakarka, bikoteka nahiz taldeka parte hartu ahal izango da, eta parte hartzaile bakoitzak 5 euro ordaindu beharko du.

Aurreko urteetan bezala, lasterketa amaitzen denean sari banaketa izango da, baina antolatzaileek hala erabakita, lehen sailkatuen ez dute ordainsaririk izango: «Sari potoloena proba bera osatu ahal izatea eta lagunartean gozatzea izango dira. Hala, kirol sorten zozketak, afariren bat edo besteren zozketak eta Plaza Berriko tabernarien eskutik luntxa izango dira, horrekin giroa areagotzeko asmoz», azaldu dute Tolosaldea Triatloi Taldeko antolatzaileek.

Aipatzekoa da, Tolosa eta Anoeta arteko GI-3650 errepidea guztiz itxita izango dela trafikoarentzat, 17:00etatik 18:00etara bitarte, larrialdi zerbitzuentzat izan ezik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!