Naturaldia jardunaldien biharko saioan El planeta libre filma emango dute, Topic zentroko aretoan, 19:30ean. Ondoren solasaldia izango da Mario Rodriguez Vargas (Madril, 1965) Greenpeace Espainiako zuzendari exekutiboarekin.
Zer harreman duzu El planeta libre filmarekin?
Pelikula aitzakia da garapen ereduaz hausnartzeko. Zine forum moduko bat egingo dugu. Pelikulak umore ukitua du, batzuetan bitxia, eta gizadiak dituen egungo arazoak jorratzen ditu: poluzioa, trafiko gehiegikeria, nuklearren gaia... 6.000. urtean beste planeta batean bizi den komunitate bat ikusten da pelikulan, eta egungo Lurra planetara joaten da horietako bat, eta une horretan bizi de zentzugabekeria ikusten du.
Zer analisi egiten duzu zuk egungo egoerari buruz?
Egun planetak eusten ez dion handitze mailan gaude. Europar batek hiru planeta egongo balira adina kontsumitzen du, eta estatubatuar batek bost egongo balira adina. Herrialdeen zor ekologikoa neurtzen duen New Economics Foundation erakunde independenteak orain gutxi esan du Espainiak dagoeneko urte honetako errekurtso guztiak kontsumitu dituela. Hemendik aurrera, kontsumitzen den guztia beste herrialdeen lepotik izango da, edo defizit ekologikoa sortuko da.
Eta zer egin daiteke egoera horren aurrean?
Greenpeace-tik ikusten dugu eredu aldaketa batez ere eredu energetikoaren aldaketatik hasi behar duela. Egun dugun sistema energetikoa guztiz ez-eraginkorra da. Egin ditugun zenbait ikerketen arabera, eraginkortasunez eta teknologia berrien erabileraz, kontsumitzen dugun energiaren %41etik %48ra aurreztu dezakegu, bizi kalitatea jaitsi gabe. Merkatuak eskaintzen dizu hainbat aukera gutxiago kontsumitu ahal izateko. Esaterako, gertuago daukaguna kontsumitzea. Ezin dira laranjak jan urte osoan zehar. Txinatik edo Txiletik ekarri behar dira, eta jakin behar da horrek kostu ekologiko bat duela. Globalizazioak eragin kaltegarri bat du: ez dira ari etekinak edo ingurumenaren babesa globalizatzen, baina bai eskubide sozialen galera, edo ingurumenaren babes falta. Hau da, alde txarrak ari dira globalizatzen.
Krisi ekonomikoak eragin dezake egungo garapen ereduaren kritikarik, edo eredu beretik oraindik urrutirago joateko erabili daiteke?
Lanera autobusean jaisten naiz. Lehen ia hutsik joaten zen eta orain beteta doa. Zergatik? Besteak beste, jendeak ez duelako hainbeste garestitu den gasolina ordaintzeko. Orain jasangarritasunaren aldeko jarrera batzuk daude, baina askotan halabeharrez. Nire kezka da krisitik ateratzen garenean, jendea ahaztu egingo dela berriro guzti honetaz. Horrez gain, gobernuek eta finantza sistemak krisiaren aurrean ematen duten irtenbidea da, hau da, gehiago ekoiztu behar dela, gehiago kontsumitu behar dela. Finantza eta ekonomia krisi honek eragin zuzena du krisi ekologikoarekin. Aldaketa klimatikoaren aurkako borroka guztiz geldituta dago. Krisia bukatzen denean berdin-berdin jarraituko du arazo horrek hor. Orain ez badugu ezer egiten, arazoa handitu egingo da. Tony Blair-en ekonomia aholkulariak, Nicholas Stern-ek, esan zuen aldaketa klimatikoaren aurka egitearen kostua munduaren BPGaren %2a zela, baina ezer ez egiteak %20aren kostua ekarriko zuela.
Naturaldia jardunaldietan pertsona eta naturaren aldeko oreka aztertzen ari zarete. Nola ikusten duzu Greenpeace erakundetik gai hori?
Gure erakundeak ingurumenaren babesa du helburu, kontuan hartuta aldagai ekonomikoa eta soziala. Uste dugu azken 20 urteetan aurrerapausoak egin direla ingurumenarekiko sentsibilizazioan. Ingurumenari eraso zuzen bat egiten zaionean, alarma soziala sortzen da. Arazoa egunerokotasunean dago, hau da, gure bizimoduak eta kontsumitzeko ereduak ingurumenean eragin ezkorra dutenean. Izan ere, lehen esan dudan moduan, apirilerako kontsumitu badugu urte guztirako ditugun errekurtsoak, ez dugu harreman orekaturik ingurumenarekin. Aukera dugu hori aldatzeko, bizi kalitatea galdu gabe, baina horretarako gure kontsumitzeko eredua aldatu behar dugu.