Pertsonen bizimoduak naturan duen eragina aztergai, Tolosa Naturaldia jardunaldietan

Imanol Garcia Landa 2012ko apirilaren 19a

Ez gara merkantzia izenburupean, datorren astelehenean hasiko dira Tolosa Naturaldia 2012 jardunaldiak.  Tolosan astelehenetik ostirala bitarte hainbat jarduera izango dira: proiekzioak, hitzaldiak eta mahai inguruak. Topic zentroan egingo dituzte eta sarrera doan izango da. Hilaren 28an, larunbatean, bokazio naturalista duten artistek eta taldeek sortutako eta Alkizan dagoen Urmara espazio esperimentalera bisita antolatu dute. Jardunaldien helburua pertsonen bizimoduak planetarengan eta izaki bizidunengan duen eraginari buruzko gogoeta egitea da. Jardunaldiak gaur aurkeztu dituzte Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak, Hasier de los Rios Tolosako Udaleko Ingurumen, Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak eta Shole Martin jardunaldien antolatzaileak. Aldundiaren eta Tolosako Udalaren laguntzarekin, besteak beste, antolatu dira jardunaldiak.

Eskualdeko egitaraua

Tolosa

Apirilak 23, astelehena. Topic zentroan, 19:30ean, Yann Arthud-Bertrand-en Home filmaren proiekzioa. Jacqueline Gooffart izango ondorengo solasaldian.

Apirilak 24, asteartea. Topic zentroan, 19:30ean, Natura, oreka, zoriontasuna hitzaldia Francisco Lozano Winterhalder-en eskutik.

Apirilak 25, asteazkena. Topic zentroan, 19:30ean, El planeta libre filmaren proiekzioa. Mario Rodriguez Vargas izango da ondorengo solasaldian.

Apirilak 26, osteguna. Topic zentroan, 19:30ean, mahai ingurua: Zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto? Etorkizuneko gizarteaz eta bizieraz izenburupean. Parte hartzaileak: Joseba Azkarraga, Jose Maria Hernandez eta Itziar Arkonada.

Apirilak 27, ostirala. Topic zentroan, 19:30ean, hitzaldia: ¿Está cayendo el cielo sobre nuestras cabezas? izenburupean, Joaquin Araujo eta Antonio Fraguas Forges-en eskutik.

Alkiza

Apirilak 28, larunbata. Urmara gune esperimentalera bisitaldia. 10:00etan elkartuko dira herriko plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!