Nyckelharpa eta akordeoia uztartu dituzte ‘ON’ proiektuan

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko apirilaren 19a

Bi musika tresnaren «ezohiko» uztartzea eskainiko dute Xabier Zeberio tolosarrak eta Pello Ramirez ordiziarrak, elkarrekin sortu duten ON proiektuko diskaren aurkezpen konztertuan. Bihar izango da, 20:30ean, Topic zentroko aretoan.

Ia 13 urte daramatzate, Zeberiok eta Ramirezek, elkarrekin lanean; Alos Quartet taldeko kide dira biak ala biak. 2001. urtean Pello Ramirezek bere bakarkako bigarren lana argitaratu zuen, eta kantuetako bat grabatzeko Xabier Zeberioren laguntza izan zuen. «Ozentasun berezia sortu zen entseguak egiten hasi ginenean, zenbait kontzertu egiteko aukera probestu genuen», azaldu du Xabier Zeberiok.

Bide honetan, musikari bakoitzak bere aldetik sortutako doinuak prestatzen hasi ziren, eta baita jada konposatutako abestien doinuak egiten ere.

ON proiektuko bi kideek nabarmendu duten berezitasuna, «bi instrumentuen ezohiko uztartzea» izan da: «Oso soinu berezia sortzen da biok elkarrekin jotzen dugunean, halako instrumentuak ez baitira askotan uztartu izan».

Xabier Zeberiok nyckelharpa jotzen du egitasmo honetan. Jatorriz suediarra da Erdi Aroko musika tresna hau, eta folk musikaren esparruan erabiltzen da batik bat. Pello Ramirezek, berriz, akordeoia jotzen du ON proiektuan; «oso era berezia du akordeoia jotzeko», dio Zeberiok.

Diska, azken geltokia

«Normalean egin ohi denaren aurkako bidea jarraitu dugu guk», azaldu du Xabier Zeberiok. Izan ere, lehenik errepertorioa osatu zuten, ondoren zenbait kontzertu eskaini, eta azken geltokia izan dute diskaren grabaketa.

Honen harira, diskaren beraren grabaketa kontzertu bat balitz bezala antolatu zutela azpimarratu dute musikariek: «Emanaldia bera diska batean sartu dugu, hori zen nahi genuena». Elkar estudioetan grabatu dute ON proiektuko lana, eta Enrique Solinis gitarra jotzailearen laguntza ere izan dute. Era berean, diskaren diseinuan ere izan dute bidelagunik: Iñigo Arroyo eta Xabi Ubeda tolosarrak.

Proiektuaren izena, berriz, «filosofia gehiegirik gabe» aukeratu zutela dio Zeberiok: «Badirudi izenik ez baldin baduzu ez zarela ezer, eta ON izenak hainbat elementu ditu: bi letra ditu eta bi musikari gara; ingelera eta euskarazko hitza izan daiteke; freskoa eta erraza da azken finean».

Akustika egokienaren bila

Kutxaren eskutik, hainbat kontzertu eskaini ditu bikoteak Gipuzkoan barrena. Hauetariko gehienak, areto txikietan egin izan dituzte. «Eskaintzen dugun emanaldia egokia da Topic zentroko aretoa bezalakoetarako. Izan ere, leku bereziak bilatzen saiatzen gara, nyckelharpa eta akordeoia akustika berezia eskatzen duten instrumentuak direlako», nabarmendu du Ramirezek. Horrela beraz, areto txikiak edo baselizak izan dituzte oholtza, Beasaingo Igartza esaterako; akustika «lehorra» suertatu izan zaienetan, musika kateez baliatu behar izan dute.

ON proiektuak ikus-enzuleei helarazi nahi diena musikaren soiltasuna bera da, ordea. Bide horretan, diskan bertan ere kontzertuaren kutsu hori mantentzeak garrantzia izan duela nabarmendu dute Zeberiok eta Ramirezek: «Egin dizkiguten kritiketan, musika biluzik ikustearen sentipena izan duela aipatu digu jendeak; gertutasuna transmititu nahi dugu, izan ere, ez dago amarrurik, musika bere naturaltasunean eskaintzen dute nyckelharpak eta akordeoiak».

Biak ala biak, talde handiagoetan jotzen ohituak daude, Oskorrirekin nahiz Benito Lertxundirekin, besteak beste; orain, ordea, bi kide bakarrik izanda, gozatzen ari direla azpimarratu du Xabier Zeberiok. Diska, dendetan eskuragarri izango da datorren astetik aurrera. Kontzertuei dagokienez, berriz, orain hasiko dira agenda osatzen. Momentuz, tolosarrak animatu nahi izan dituzte Topic aretoko dohako emanaldira bertaratzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!