Lehiberrik urtean zehar ekitaldi ugari antolatzen ditu Tolosaldeko enpresa sarearen lehiakortasuna hobetu asmoz. Hilabete honetarako bi jarduera antolatu ditu: teknologia barnetegia eta ekintzailetasuna bultzatzeko bi tailer.
Teknologia barnetegia hilaren 25 eta 26an izango da Bidegoiango Iriarte Jauregia hotelean. SPRI Eusko Jaurlaritzako eraldaketa lehiakorrerako sozietatearekin elkarlanean antolatu du eta parte hartzeko eskualdeko enpresek izango dute lehentasuna.
Lehiberrik esandakoaren arabera, barnetegia enpresa txiki eta ertainetako kudeatzaileei edo zuzendaritzako kideei zuzenduta dago. Gehienez 12 pertsoneko taldeak osatuko dituzte, eta apirilaren 25ean, 15:30ean, hasiko dira. Barnetegia hurrengo egunean 14:00etan, amaituko da.
Izena emateko edota informazio gehiago eskuratzeko Tolosaldea Garatzeneko Enpresa sailarekin jarri behar da harremanetan enpresa@tolosaldea.net helbidean edo 943 65 45 01 telefono zenbakira deituta.
Negozio berriak sustatzeko
Bestetik, Lehiberrik eta Tolosaldea Garatzenek ekintzailetasuna sustatzeko bi tailer antolatu dituzte. Bi tailerrak Entropia aholkularitza etxeko Manu Egañak eskainiko ditu, eta 09:00etatik 13:00etara izango dira Tolosaldea Garatzenen Tolosako egoitzan (San Esteban auzoa, 20).
Lehenengoa apirilaren 23an eta 24an izango da eta Ni ekintzaile Tolosaldean? Zergatik ez? izena du.
Lehen tailer honen helburu orokorra «ekintzailetasun izpiritua sustatzea» dela nabarmendu dute antolatzaileek, «bai langabetuen artean eta baita autoenpleguaren bidez etorkizuna planteatu ez duten gazteen artean ere».
Horiek horrela, parte hartzaileek beren gaitasunen inguruan hitz egingo dute tailerrean eta indar horiek negozio ideia batetara bideratuko dituzte.
Bigarren tailerra apirilaren 26an eta 27an izango da Ideia bat daukat izenpean. Helburu nagusia parte hartzaile eta ekintzaileei sormen espazio bat erraztea da eta, era berean, Tolosaldean ekintzaletasunari buruzko hausnarketa bat egin eta negozio ideia berriak sortzea.
Tailerretan parte hartzeko edota informazio gehiago eskuratzeko Tolosaldea Garatzeneko Autoenplegu sailarekin hitz egin behar da; zubeldia@tolosaldea.net helbidera idatzita edo 943 65 45 01 telefono zenbakira deituta.