Zapalduen Antzerkiarekin amaituko dira aurtengo AurrezAurre jardunaldiak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko apirilaren 12a

Pasa den martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako AurrezAurre jardunaldiak, larunbat honetan amaituko dira, zapalduen antzerkiarekin. Hiru eguneko tailer hau atzo hasi zen, eta bihar amaituko da; 17:00etatik 20:00etara ariko dira kultur etxean. Azkenik, larunbatean emanaldia izango da, 18:00etan.

1960ko hamarkadan, Augusto Boal antzerkigile, aktore, zuzendari eta hezitzaile brasildarrak sistematizatu zuen antzerki metodoa da zapalduen antzerkia deritzona. Boalek elkareragiletasuna oinarri hartu zuen, antzerkian bereziki, eta hainbat adituk bitartekoen ikuspuntu berritzailea izan duela berresten du. Horrela beraz, zapalduen antzerkia zapaldutako klase eta norbanakoen antzerkia da finean. Metodoa martxan jartzeko teknikek, Bertolt Brecht-en antzerki epikoaren, nahiz Paulo Freire-ren pedagogiaren eragin nabarmena dute.

Zapalduen antzerkian, ikusleek draman bertan parte hartzen dute, modu honetara egoera errealak antzeztu eta askapen prozesu batera helduz. Besteak beste, aktoreek proposatutako arazoei erantzun eta konponbideak bilatzen dizkiete ikusleek, eta nolabait, obraren beraren bidea erabakitzeko eskumena izaten dute. Honekin batera, gainera, antzerkia foro ere bilakatzen dute, obra taldean osatuz.

Tolosako Udaleko Leire Kortajarena Berdintasun teknikariak azaldu duenez, hain zuzen ere foro parte-hartzaile moduan antolatu zuten, lehenengoz, zapalduen antzerkia. Mugarik Gabe elkarteak indarkeriaren aurkako asterako proposatu zieten ideia, eta «sekulako arrakasta izan zuen». AurrezAurre jardunaldietarako, beraz, berriro antolatzea erabaki zuten.

Genero zapaldua antzezgai

Oihan Martirena eta Blanca Ruiz izango dira, gaurtik larunbatera bitarte, zapalduen antzerkiaren tailerra gidatuko duten aktoreak. Donostiarra da Martirena, eta Ruiz, berriz, gasteiztarra da. Antzerki taldeekin nahiz tailerren bitartez, hainbat proiektutan elkarrekin lan egiten dute, eta hezkuntzara begira ere jartzen dira, antzerkiaren bidez.

«Herriak antzerkirako dohaina edo gaitasuna berreskuratzea da antzerki mota honen funtsa», Oihan Martirenak dioenez. Izan ere, sormen artistikorako baliabideak edozeinek dituela dio aktoreak: «Gure gorputza eta gogoa geureak dira. Norberak izan ditzakeen zailtasun edo gatazkei alternatibak era kolektiboan aurkitzeko tresna bat da zapalduen antzerkia».

Ikusle guztien arazoak elkarrekin konpondu ahal izateko ideiak eztabaidatuko dituzte, beraz, gaurtik ostiralera, kultur etxera bertaratzen direnek. «Ni zapalduta nago, aldamenekoa ere bai, eta beste hura ere bai, baina askotan ez gara konturatzen, benetan hor dagoen egiturazko zapalkuntzaz», nabarmendu du Martirenak; hori ere agerian uzte aldera, lan egiten dute.

Tailer honen dinamikari dagokionez, hiru egunekoa izango da. Prozesua taldearen araberakoa izaten dela azaldu du Oihan Martirenak, izan ere, nahi eta behar desberdinak izaten dira. «Guk eztabaidarako espazioa erraztuko dugu, bertaratuak animatzeko, eta eztabaida hau hainbat antzerki lengoaien bitartez sortuko dugu. Gure ideia, generoarekin erlazionatutako zailtasun egoerak, edo barneratutako hainbat zapalkuntza azaleratzea da», azaldu du aktoreak. Horretarako, hainbat eszena antolatuko dituzte, tailerreko parte hartzaileek proposatutako egoerekin.

Duela hilabete batzuk ere, Tolosan izan ziren Ruiz eta Martirena, eta esperientzia oso ona izan zela berretsi du aktore donostiarrak: «Orduan, antzezlana prestatuta ekarri genuen Tolosara, antzerki foroa egiteko. Errealitatetik nahiko gertu egon zitekeen, eta gaizki amaitzen zen istorio bat kontatu genuen, generoaren gaia landuz. Jende askok parte hartu zuen, eta antzezle eta ikusleen arteko muga hori puskatuz, hausnarketa oso sakona egin genuen. Egin ditugun foroen artean, luzeena izan da Tolosakoa, hiru orduz aritu baikinen».

Tailer arrakastatsuak

Martxoaren 5ean hasi zen AurrezAurre jardunaldietako egitaraua, Pink Saris filmarekin. tartean, emakume artisten lanekin osatutako erakusketa, eta hainbat tailer izan dira jarduera nabarmenenak, eta Leire Kortajarena berdintasun teknikariak «balorazio oso ona» egin du.

Batetik, Aranburu jauregiko erakusketa nabarmendu nahi izan du Kortajarenak: «Parte hartze prozesu baten emaitza izan da, eta Aranburu jauregia kalitatezko obrekin betetzea arrakasta da guretzat. Bisitarien datu zehatzak ez ditugu oraindik jaso, baina hori bigarren mailako helburua da. Erakusketa hori antolatzeko beharrezkoa izan den prozesua asko baloratzen dugu».

Bestetik, antolatutako tailerrek ere oso harrera ona izan dutela baieztatu du berdintasun teknikariak. Pasa den martxoaren 31n Bilgune Feministaren laguntzaz antolatutako autodefentsa ikastaroa nabarmendu du, bereziki, eta jende asko bertaratu zena azaldu du: «Tailer guztiek arrakasta izan dute, ikus-entzunezkoak izan ezik. Ezin izan genuen egin, jende gutxi bertaratu zelako. Egia esan, denbora gutxian ikastaro asko antolatu ditugu, eta azalpen gutxi eman ditugu; hori izan zen, behar bada, arazoa».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!